Jose Luis Fernandez klubeko buruak ilusioz hartu du berria. “Presidente gisa, oso pozik nago. Jokalari guztiek egin dute gogor lan eta ezin naiteke beraietaz harroago egon”.
Iraurgi Abesbatzaren lehendakaria den Itziar Izagirrek, berriz, esan du ohore handia dela Iraurgi Abesbatzarentzat San Juan sua piztea Azkoitiko herriaren aurrean. “Esan zigutenenean emozio handia sentitu genuen. Udala gure 40. urteurrenarekin gogoratzea eta aukera hau ematea, ospatzeko, ahaztu ezinezkoa izango da guretzat”.
Merituak soberan dituzte. Xake taldea aurten Preferente mailara igo da eta Iraurgi Abesbatzak uztailaren 3tik 7ra, Italiako Festival Internazionale Verona Garda Estate jaialdian hartuko du parte.
Xake taldea
Gaur egun, xake taldeak ia 40 kide ditu. Gaztetxoenak 6 eta 7 urteko neska-mutilak.
Klubak antolatzen duen torneo garrantzitsuenetarikoa San Andres Xake txapelketa da. Ehun lagundik gora erakartzen ditu. Baina ez dute urte osoan atseden handirik hartzen. Fernandezek dioen moduan, jolakariak Gipuzkoako eta Euskadiko bazterrak ondo zapaltzen dituzte txapelketatik txapelketara. “Espainiako Adinkako Txapeketan ere hainbatetan hartu dugu parte eta maila handikoak diren beste askotan, Benasquen, Rigan, Madrilen, Iruñean…”. Baina presidentearentzat garrantzitsuena “adin ezberdinetako jokalarien artean duten giro ona da. Beti ezagutza eta trebezia partekatzen ari dira. Ezin da gehiago eskatu”.
Anaitasuna Kakute Xake taldea Euskal Ligara igoera 1991n eta 2014an lortu zuen. Preferente mailara igotzea, berriz, hirutan: 1996an, 2010ean eta 2019an.
Xakerako zaletasuna gero eta handiagoa da, neurri handi batean, klubek egin duten lan boluntarioagatik. Anaitasuna Kakute horren eredu da. Horregatik izan da sei alditan hautatua Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Xake Federazioaren aldetik, Gaztedi txapelketaren finala antolatzeko, edizio bakoitzean kideek egiten duten lan irakaragarriagatik, hain zuzen.
Iraurgi Abesbatza
Iraurgi Abesbatza 36 abeslarik osatzen dute. Erlijio eta erlijioz kanpoko polifonia, mundu zabaleko folklorea eta nola ez, euskal abestiek osatzen dute taldearen abesti sorta. 2010etik, Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean dago abesbatza eta kideek dioten moduan, “taldearen jarduna geratu gabekoa da. Kontzertu, topaketa, bidaia, kantu ikastaro e.a.”.
Azken urteotan Europan hainbat bira egin dituzte, Alemanian, Suitzan, Frantzian, Austrian, Italian eta Pragan kontzertuak eskainiz.
Peñafloridako Kondearen abestiekin diskoa grabatu zuten eta besteak beste, Eloy de la Iglesiaren “Otra Vuelta de Tuerca” filmeko soinu bandan ere parte hartu zuten. 2004an, euren 25. urteurrena zela eta, bakarkako lehenengo CDa kaleratu zuten. Gerora, “Carmina Burana“ obran ikusi dugu abesbatza Arrasateko Goikobalu abesbatzarekin batera eta baita La Caixak antolaturiko kontzertuetan ere, besteak beste, Haendelen “Mesías“ abestuz.