“Oraintxe bertan udalez gaindiko administrazioek duten kezka eta premia bat da kanpotik talentua erakartzea edota ihes egin duen talentua berreskuratzea. Guk gure txikitasunetik, eta Iraurgi Berritzenen eskutik, gaiari heltzea lortu dugu geure neurrian”. Gaineratu du sektore guztietan behar direla lana eta langile kualifikatuak baina “berrikuntza garatu nahi bada, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika”, proiektu honen baitan lantzen diren diziplinak, “iturri nagusiak” direla.
Proiektuan parte hartu dute Azkoitiko Floreaga Ikastetxeak eta Azkoitia BHI-k eta Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri ikastolak eta Urola Ikastolak.
Azokan, ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxeek landu dituzten proiektuak aurkeztu eta erakutsi dira ordu eta erdiz. Azokan, guztira, honako proiektuen parte-hartzea izan da: "Bizilagun mikroskopikoak" (Biologia), "Ibaien ekologia" (Biologia), "Robotak programatzen" (Informatika), "Frutaren oxidazioa ikertuz" (Kimika), "Gozokien kimika" (Kimika), "Prototipogintza" (Teknologia), "Elkar-maker" (Teknologia), "Kristalografia" (Zientzia aplikatua) eta "3D inprimakiak" (Teknologia).
Proiektua Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin garatu da eta ikasturtean zehar, ikasleek ikerlariekin eta eskualdeko eragile ezberdinekin harremanetan egoteko aukera izan dute, egitasmoa erakargarriagoa eta interesgarriagoa bihurtuz.
“Proiektuak, epe luzera jarraipena izan nahi du eta eskualdeko eragile ezberdinen elkarlana oinarri hartuta, eskualdean zientzia eta teknologia arloei lotutako gaitasun eta zaletasunak sustatzen jarraitzea nahi da”, diote Iraurgi Berritzenetik.