Helburua da etorkizunean beharko dituzten gaitasunak garatzea, hala nola, talde lanerako, komunikaziorako eta informazio eta komunikazio teknologietarako trebezia, autonomia, iniziatiba, sormena, e.a.
Finean, gaur egun eta etorkizunean gizarteak dituen eta izango dituen erronkei aurre egiteko ingurune egokia sortzean datza Elkarrekin Eraikitzen poiektua, ikastetxe ezberdinek amankomunean dituzten beharrak identifikatu eta hauek asetzeko lankidetza proiektuak sustatuz.
Azkoitia BHI-k, Floreaga Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Urola Ikastolak hartu dute parte. Enpresa berri bat nola martxan jarri, salmentak nola igo, esperientzia izaki langabeziatik nola atera... eta beste hainbat erronka jorratu dituzte ikasleek eta ikusitakoarekin eta ikasitakoarekin, eragileekin zuzeneko harremana izan baitute, lanak aurkeztu dituzte gaur.
Bertan izan da Azkoitiko Hezkuntza zinegotzi Mari Jose Arregi, Ana Azkoitia zinegotziarekin batera. “Eskoletan metodologiak aldatzen ari direla badakigu eta gutxiago edo gehiago, uste dut gehienetan proiektuzka lan egiten hasita daudela. Alegia, eginez ikasten dute, ikertuz, esperimentatuz, euren burua proban jarriz eta lidergotza lan taldean jarriz. Baina Elkarrekin Eraikitzen proiektuaren harira, bereziki ezaugarri bat azpimarratuko nuke. Proiektuari balio erantsia ematen dion ezaugarri bat: Da testuingurua. Bailarako ikastetxeek garatzen dute, bailarako eragileekin eta bailarako testuinguru sozioekonomikoa ezagutzeko balio diete”, esan du Mari Jose Arregik. Parte hartu duten guztiak zoriontzeaz gain, aurrera jarraitzera animatu ditu “gizarte bezala, guztion ardura baita gure eta ondorengoen etorkizuna zaintzea eta eraikitzea”.