“Filosofoek zioten gizakiaren bigarren gaitasuna dela arrazoia. Zein da ba orduan lehenengoa? intuizioa. Arrazoiarekin hondamendi handienetara iritsi daiteke. Arrazoiarekin ez dago artearen ulermenik. Batek gauza bat esan dezake eta beste batek, guztiz kontrakoa. Intuizioa dagoenean, ordea, iluminazio moduko bat dago”.
Ezaguna da Oteizatarrek Azkoitiarekin duten harreman estua. Aitaldeko aitona Kalparsoro baserrikoa ze eta Olabazeta baserrira ezkondu zen. Hantxe jaio zen Antonio Oteizaren eta bere anai-arreben aita. “Haurtzaroa etortzen zait gogora, Izarraitz, Olabazeta baserria…”.
Bere erakusketaren inaugurazioan, atzo, Antonio Oteizak bidelagun izan zituen Javier Zubizarreta alkatea eta Sonia Vazquez eta Juan Bautista Mendizabal zinegotziak. Familiako hainbat kidek eta lagunek ere, tartean Antton Arbuluk eta Felix Azurmendi parrokoak, ez zuten hitzordua galdu nahi izan eta laudorio hitzak eskaini zizkioten artistari.
Azkoitiko herria 2008an omendu zuen Antonio Oteiza Urrezko Intsigniarekin. En hauetan berriro omenaldia egingo zaio Antonio Oteiza Fundazioaren eskutik. Fundazioaren ardura da bere obra zaintzea, zabaltzea eta sustatzea.
Etxebeltzen ikusgai dagoen erakusketak, besteak beste, Euskalerriko Adiskideen Elkarteari edota Catalina de Erausori eskainitako margolanak biltzen ditu. Erakusketa ekainaren 30era arte egongo da ikusgai. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Gaur arratsaldean Edorta Kortadi arte kritikoak Antonio Oteizari buruzko hitzaldia emango du Etxebeltzen 19:00etan.