Goizean, bilera egin dute Baztartxo Antzokian hainbat tokitatik etorri diren 40 pilotari inguruak eta ondoren, prentsa agerraldia egin dute zuzendaritza batzordeko kideek proiektua ezagutarazteko. “Azken lau urteetan –esan dute- emakumeen esku pilotak hazkunde nabarmena izan du. Hazkunde honetan guztian emakume pilotariok zer esan handia badugu ere, esateko aukera gutxi izan dugu orain arte”.
“Emakume pilotariok – esan dute- kantxetan protagonistak izan arren, ikuskizunaren parte baino ez gara, jokoan soilik oinarritzen da gure jarduna. Gehienetan, ez dugu irabazi ekonomikorik jasotzen, nahiz eta txapelketa batzuetan diru-sarrerak egon. Horrexegatik, erabaki dugu emakume pilotariok elkarte hau sortzea”.
Elkartea “emakumeen pilota bultzatzeko, egituratzeko, eta emakumeen pilota duinago eta justuago bat sortzeko” sortu dute, uste dutelako beharrezkoa dela “lidergotza hartzea”. Maider Mendizabalek, Patri Espinarrek eta Alaitz Badiolak eman dituzte ekimenaren nondin-norakoak. “Paleta –ezker horma eta trinketea- eta esku pilotako jokamoldeetan gabiltzan piltoriok osatzen dugu elkartea. Euskal Herriko pilotari gehienak gara EPEko bazkide. Hauen artean, munduko txapeldunak diren palistak eta eskuzko pilotariak”.
Jokalmolde ezberdinetako txapelketak antolatzeko asmoa erakutsi dute, formakuntzan pausoak eman eta federazioekin eta klubekin elkarlana sustatzeaz gain.