Hori horrela, teknologia berrietan trebatzeko ikastaroa antolatu du Azkoitiko Gazteria Zerbitzuak. Aurretik ere antolatu izan dira antzerako tailerrak Elkargunean baina oraingoan ikasturte osora luzatuko da ekimena.
Ikastaroaren edukiari dagokionez, robotika, bideojokoen sorkuntza, 3D diseinu eta inprimaketa, elektronika, bideo edizioa, droiak, mugikorrerako aplikazioak, domotika edota irrati kontrola landuko dira. Ikastaroaren helburua eginez ikastea da, ondo pasatuz eta esperientzia eta ezagutza partekatuz.
Ikastaroari hasiera irailaren 19an emango zaio eta partaideek ikasturte guztian zehar astean behin, ordu eta laurdeneko saio bat izango dute. Ikastaroa LH3 eta DBH4 arteko neska-mutilei zuzenduta dago.
Izen-ematea irailaren 2tik 16ra
Izen-ematea irailaren 2an zabalduko da eta 16an itxiko da. Gutxienez zortzi laguneko taldea osatu beharko da eta saioak astelehenetan edo ostegunetan izango dira 17:15etik 18:30era bitartean. Talde bakarra osatuko balitz, gehiengoak aukeratuko du eguna. Bi talde osatuko balira astelehenetan eta ostegunetan emango da ikastaroa eta bakoitzak aukeratu ahalko du ondoen datorkion eguna.
Udalak diruz lagundutako ikastaroa
Ikastaroaren prezioa 45 euro da hileko baina ikasleak 35 euro ordaindu beharko ditu, gainerakoa ikastaroa finantzatzeko Udalak jarritako diru-laguntzari esker ordainduko delako.