Azkoitia Osasuntsua. Azkoitia Bizia! lelopean, kartelekin batera gutun bana ere banatu zaie edo datozen egunetan banatuko zaie ostalari eta alkohol saltzaileei. Helburua da prebentzio eragile modura, establezimenduetako arduradunei laguntza eskatzea, bizimodu osasuntsua sustatzeko eta gazteenek alkohola kontsumitzeko adina atzeratzeko, arduratsuagoak izan arte.
Udala prebentzio eremuan egiten ari den lanaren baitan, berriki formazio saioak eskaini zaizkie ostalaritzako langileei, drogen kontsumoarekin lotutako arriskuak murrizteko baliogarriak diren jarraibideak eta gomendioak azaltzeko. Ikastaroaren balorazioan jaso dena da alkohol kontsumoaren arriskuen pertzepzioa baxua dela orokorrean eta ostalarien artean. Aldiz, beste drogekiko pertzepzioa –kannabisa kenduta- altuagoa da. Ikastaroan parte hartutako tabernarien irudiko, zenbait drogen kontsumoa altua da herrian, esaterako, kannabisarena, speed-arena eta kokainarena.
Bestalde, prebentzio mailan gurasoekin lana egitearen garrantzia azpimarratzen dute ostalariek, aita-amak direlako adingabe eta gazteetan eraginik gehien duten pertsonak. Zentzu horretan, erabiltzen duten diru kopurua gehiegizkoa dela ere nabarmentzen dute, arrisku faktore bat delako.
Udaltzaingoek ere jaso dute formakuntza. Euren kasuan, alkoholaren kontsumoaren arriskuen gaineko pertzepzioa altuagoa da intoxikazio etilikoak ikusten dituztelako euren lanean. Bestelako drogen kasuan, uste dute kontsumoa altua dela gazteen zein helduen artean.
Festetan segurtasuna bermatzeko, plangintza bilera Ertzaintzarekin
Javier Zubizarreta alkatea eta udaltzainburua Urola Kostako ertzainburuarekin eta ikerketa buruarekin bildu ziren aurreko astean Andramari jaietan, segurtasuna eta ordena bermatzeko, urteroko plangintza gainbegiratzeko xedez.