Lizitazio prozesu hau pasa den martxoan jarri zen martxan baina bertan behera geratu zen Bide, Kanal eta Portu Ingeniarien Elkargoak kontratuaren iragarkiaren eta pleguen aurkako alegazioa jartzearen ondorioz. Elkargoak oinarriak inpugnatu zituen esleipen prozedurak ez zituelako kontutan hartzen ordezkatzen dituen profesionalak. Izan ere, erredaktore talde gutxienez arkitekto batek eta ingeniari industrial batek osatzea eskatzen zen, baina ez bide, kanal eta portu ingeniari batek. Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren erabakia ekainean ezagutu da eta Udalak berriro atera behar izan du zerbitzua lizitaziora.
Lizitazio prozesu honekin lehenengo eta bigarren faseen proiektuen idazketa eta lanen exekuzioaren obra zuzendaritzaren zerbitzua esleituko dira, segurtasun eta osasun alorreko koordinazioarekin batera. Lizitazioa 135.520,00 eurotan atera da eta euren proposamenak aurkeztu nahi dituzten enpresek 25 egun naturaleko epea dute atzotik, abuztuarren 12tik hasita, atzo argitaratu baitzen iragarkia kontratazio profilean.
Prozesu hau beste aurrerapauso bat da Floreagako irisgarritasuna hobetze bidean. Alternativen azterlanak bost fasetan banatzen du proiektu osoa eta behetik gorantz exekutatzea da asmoa.
Azterketak aurreikusten ditu igogailuak Floreaga eta Zuazola artean, Zuazola eta Floreagaberri artean, Floreagaberri eta Izarraitz artean lehengo igogailu proiektua berreskuratuz, eta azkenik Izarraitz eta Aretxabaleta artean. Horretaz gain, hirugarren fasean eskaileren ordez arranpak jarriko lirateke Zuazolan.