Eskolako Agenda 21eko partaideez gain, kanpainarekin bat egin dute Xabier Munibe Ikastolak, Bizilore Eskola Aktiboak, Herrixen Merkatari Elkarteak, Azkoittiko Tabernaixek eta herriko ostalaritzak, Kizar eta Ñam-Ñam gozo-dendek, Parrokiko taldeak, Eguzki eta Zuhaitzak Bizirik elkarteek eta Gazteria Zerbitzuak.
Hiriguneak txukun, garbi eta eder mantentzeari gero eta garrantzia handiagoa ematen dio herritarrak gaur egungo gizartean. Herritar orok baloratzen du positiboki kaleak egunero garbituak izatea eta era berean, asaldatu egiten gara gure herriko txokoren batean zikinkeria pilatua ikusten dugunean. Hala ere, maiz ahaztu egiten dugu garbiena ez dela gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik.
Esan daiteke, orokorrean, herritarrak gero eta kontzienteago garela arazoak eta gero eta gehiago zaintzen ditugula kaleak eta ingurunea. Ukazezina da herritarren gehiengoak arduraz jokatzen duela eta azken finean, kalea, etxea bezela zaintzen duela. Hori guztia onartuta ere, oraindik arruntegiak dira gaindituak izan beharko luketen hainbat jokabide desegoki, adin guztiko herritarren artean, besteak beste:
• Zigarro-puntak lurrera botatzea
• Plastikozko bildukiak, papertxoak… lurrera botatzea
• Pipa-azalak eta txikleak lurrera botatzea
• Txakur-kakak jaso gabe uztea
• Taberna askoren inguruetan edozer gauza lurrean uztea: edalontziak, esku-zapiak, zigarro-puntak…
Udalak ahalegin berezia egiten du kaleak garbi mantentzen, lorategiak zaintzen, beharrezkoak diren hiri-haltzariak zein zakarrontziak ipintzen edota ekimen berriak martxan jartzen. Guztiok txukunago jokatuko bagenu, aurrekontu horren zati bat bederen herritarren onurarako beste zereginetan erabiltzeko aukera legoke. Oraingo honetan, beste urrats bat eman nahi du herritar guztiei zuzendutako kontzientziazio kanpaina bat antolatuz eta herriko eragile desberdinak inplikatuz. “Kanpaina honen helburu nagusiak dira herritarrak kale garbitasunaren gaiari buruz sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, herritarren parte hartze aktiboarekin, kaleak garbi eta txukun mantentzeko jokabideak zabaltzea eta azkenik, Udala arlo honetan egiten ari den lana eta ekimen berriak jakitera ematea. Esaterako, pipelerak, sareak jartzea ibai ertzeko hesietan...”, azaldu du Ana Azkoitia zinegotziak.
Kanpaina askotariko jarduerez osatuta egongo da, besteak beste:
• Kale-animazio saio bat egingo da, urtarrilaren 24an, ostiralean, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara bitartean herriguneko kaleetan zehar. “Kale garbiak” izeneko ikuskizun itinerante hau Intujai Teatro talde profesionalaren eskutik egingo da, gaia kalean herritar guztiekin modu ludiko eta atseginean lantzeko beste formato osagarri modura.
• Kartelak zabalduko dira herriko komertzioetan, eraikin publikoetan, ikastetxeetan eta arazoa dagoen hainbat leku esanguratsuetan.
• Pipa-azalak jasotzeko zorrotxo konpostagarri bereziak banatuko dira goxoki dendetan, gazteen topalekuetan, ikastetxeetan, kirol-instalazioetan, kultur guneetan…
• Ostalaritza establezimenduetan, bereziki, kalean terrazak dituztenetan pentsatuz, mahai gainean jartzeko eranskailuak sortu eta banatuko dira kanpainaren irudiarekin eta mezuarekin.
• Hiriguneko eremu baten garbiketa herrikoia antolatuko da ikastetxeetako taldeen laguntzarekin. Garbiketa horietan jasotako zikinkeria, herriko plazan bilduko da ondoren zuzen sailkatuz eta gaur egungo errealitatearen “argazki” bat ateraz. Parte hartuko dute Bizilore Eskola Aktiboak , Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Ikastetxeak, Azkoitia BHI-k eta Izarraitz Lanbide Heziketak. Urtarrilaren 27an izango da, 11.00etatik 12.30era.
• Ikus-entzunezko originalak sortuko dira Azkoitiko errealitatera egokituak Istagramen eta Facebooken publikatzeko Iban Garcia azkoitiarraren eskutik.