Testuinguru horretan, adinekoekin lagunkoia den inguruneak, egiturak eta zerbitzuak irisgarriak izateko lan egiten du, banakoen behar eta ahalmen ezberdinetara egoki daitezen. Azkoitia Lagunkoia eratu zenetik, taldea elkarlan estuan aritu da Udalarekin. Gaur irisgarritasunean zentratu dira. Udalarentzat lehentasunezko gaia da eta Azkoitia Lagunkoiarentzat taldearen lan-ildoetako bat, beste hainbat esparruren artean, hala nola, etxebizitza, garraioa, partaidetza edota osasuna.
Irisgarritasunari dagokionez, Udala ahalegin handia ari da egiten irisgarritasunean. Ez bakarrik, proiektu handietan, Floreagako igogailuen proiektua kasu, baizik eta kale eta bazter guztietan. Koskak kentzea, barandak ipintzea edota solte geratu diren baldosak konpontzea etenik gabeko lanak dira.
Alde biek aurreikustako jarduketak eta beharrezkoenak mahaigaineratu dituzte hobekuntzak egiten joateko.
Bileran parte hartu dute Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Imanol Arrizabalagak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Janire Igoak eta Azkoitia Lagunkoiaren talde sustatzaileko kide diren Maria Pilar Mugicak eta Mikel Etxanizek.
Bihar, hileroko bilera
Azkoitia Lagunkoiak gogorarazi du bihar, otsailak 19, dutela hileroko bilera. Ohi bezala, Elkargunean izango da 18:00etan. Bilerak irekiak dira eta Azkoitia Lagunkoiak herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu ingurune lagunkoi baten alde lan egiteko.