Ana Azkoitia Ogasun zinegotziaren esanetan, “kanpainarekin nahi dena da hainbat sektoretan Covid-19ak eragin duen inpaktu negatiboa arintzen laguntzea. Dendarik eta tabernarik gabeko herri bat, mutututako herria da, tristea. Guztiok jar dezakegu gure partetik gure kaleei bizirik eusteko eta gozatzeko. Tamalez, Koronabirusari aurre egiteko neurri gogorrak hartzea derrigorrezkoa izan da, salmenten jaitsiera eraginez eta establezimenduak ixtera behartuz. Ezinezkoa da galdutako guztiaren eta kanpainaren artean oreka lortzea baina uste dut garrantzitsua dela, ez bakarrik salmentengatik, baizik eta herritarrak jabetzeko herrian erosteak duen esanahiaz”.
Aurreko kanpainan bezala, bonuak sektoreka banatzea erabaki da. Erosleak bonu baten truke sei txartel jasoko ditu eta txartel bakoitzak hamar euroko balioa izango du. Txartel bakoitza kolore batekin identifikatuko da eta horren arabera sektore batean edo bestean trukatu ahalko da. Txartel bakarra dago, hori kolorekoa, elikaduran ezik, beste sektore guztietan nahi bezala erabili daitekeena. Parte hartuko duen saltoki bakoitzean kartel bat jarriko da, bezeroak establezimendu bakoitzean ze txartel erabili dezakeen jakiteko.
Bonua sektoreka banatzearena ondo pentsatutako erabakia izan da. Aurreko kanpainaren balorazioa egin eta Herrixen Merkatari Elkartearekin gaia aztertu ostean hartu da erabakia. “Bonua sektoreka banatzeak helburu bakarra du: kontsumoa ez dadila establezimendu bakar edo gutxi batzuetan kontzentratu. Kanpaina dendariei, ostalariei eta zerbitzuei laguntzeko da eta sektoreka erabiltzearekin batera sektore guztietara iristen da laguntza eta bidezkoa dela deritzogu”, azaldu du Ana Azkoitiak. “Noski – gaineratu du – kontsumitzailearentzat erosoagoa da non erabili pentsatzen aritu ordez, edonon erabili dezakeen bonu bat, baina kanpaina ahalik eta sektore eta establezimendu gehienei laguntzeko dago eginda”.
Bonu bakoitzaren erosketarekin jasotako 10 euroko txartel bakoitza ondorengo sektoreetan erabili ahalko da:
1) Elikadura, okindegiak, harategiak, arrandegiak, frutategiak, edari dendak, baserriko ekoizleak (azoka).
2) Kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, goxoki-dendak.
3) Moda, oinetakoak, osagaiak, kirol dendak, mertzeriak, bitxidendak.
4) Ile apaindegiak, estetika, masajeak, dentistak, podologia, optikak, farmaziak, parafarmaziak, drogeriak, lurrindegiak, belar-dendak.
5) Zerbitzuak, kopistegiak, papertegiak, bidaiak, aholkularitza, gasolindegiak, lore dendak, autoeskola, iturgintza, kristaldegia, dekorazioa, burdindegia, eletrogailuak, estankoak, informatika, tindategiak, pentsu-denda, aseguru etxeak, argazki dendak.
6) Orokorra. Denetan erabili ahalko da elikadura multzokoetan ezik.
Nola eta noiz eroski bonuak
Erosketa bonuak online edo presentzialki erosi ahal izango dira:
a) www.azkoitia.eus / www.dendago.com/azkoitia web orrien bitartez
Abenduaren 4tik aurrera. Interneten 500 bonu ipiniko dira salgai. Goizeko 10:00etan jarriko dira salgai.
Erosketa egiterakoan NAN zenbakia eta helbidea eskatuko dira. Interneten erosten dituenari bonua etxera bidaliko zaio gutun ziurtatu bidez.
Erabiltzaile bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahalko ditu.
b) Kontzejupean
Abenduaren 4an, ostiralean.
Goizez, 10:00etatik 13:00era. 250 bonu jarriko dira salgai.
Arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara. Beste 250 bonu jarriko dira salgai.
Kontzejupean ere erosle bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahalko ditu.
Kontzejupean erosten dutenei ere NAN zenbakia eskatuko zaie eta derrigorrezkoa izango da 18 urtetik gora izatea bonuak eskuratzeko. Bakoitzaren ardura izango da bonuen erabilera zuzena egitea.
Bonuak urtarrilaren 5era arte erabili ahalko dira eta erosketa bakoitza 10 eurotik gorakoa izan beharko du, txartel bakoitzaren balioa 10 eurokoa da-eta.
Bonua kanpainan parte hartzen duten establezimendu guztietan erabili ahalko da, supermerkatu handietan izan ezik.