Maiatzeko lehen igandean “Hatsaz eta Hotsez” kontzertuarekin hasiko da Udaberriko Musikaldia. Eszenatokia partekatuko dute Thomas Ospital organistak, Oreka TX taldeko Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Mikel Ugartek, eta abeslari eta perkusionista Thierry Biscaryk.
Bigarren kontzertua, “Metamorfosia”, Garikoitz Mendizabal txistulariaren eta German Ormazabal pianistaren eskutik eskainiko da. Joxan Goikoetxea & Euskamerata taldeak jarraituko dio. Azken hauen kontzertuan parte hartuko dute Joxan Goikoetxeak akordeoiarekin, Iosune Marinek gitarrarekin, Amaia Azkue eta Amaia Mendizabal abeslariek, Maider Zapirain biolontxelistak eta Iñaki Beraetxe errezitatzaileak.
Azken-aurreko kontzertua emakumeek osaturiko Vocalia Taldea abesbatzak emango du Basilio Astulezen zuzendaritzapean. Bidelagun izango ditu Cristina Saldias pianista, Mertxe Fernandez de Bastida akordeoilaria eta Jaurne Garminde sopranoa.
Udaberriko Musikaldiaren 20. edizioa Tetraphilia Ensemble taldeak itxiko du. Ander Telleriak akordeoi mesotonikoa joko du, Anna Margulesek flauta, Jorge Apodacak baxua eta taldea osatuko dute Vanesa Garcia sopranoak, Elena Ruiz mezzosopranoak eta César Polo tenoreak.
Musika maitaleentzat proposamen anitza eta erakargarria dakar zikloak.