Orain arte emandako urratsak azaldu dituzte gaur arduradunek.
Azkoitiko herriari dagokionez, Sonia Vazquez zinegotziak azaldu ditu martxan jarriko diren eta lehendik dauden zerbitzuak. “Eskola kirolaren kasuan, ikastetxeetan astean bi saio eskainiko dira 8 eta 12 urte bitartekoentzat. Hau eskaintza berria da, eta ikasleekin adostuko dira egun eta orduak. Ikastetxeetan eman ahalko da izena”.
Horretaz gain, Azkoitia BHI ikastetxean Zeregin Ikasketen Gela dute, gela egonkorra deitzen diotena eta horren baitan, astean behin soinketa egiten dute.
Aniztasun funtzionala duten gazte eta nerabeek bazuten lehenik igeriketa eta soinketa egiteko aukera astean bi egunetan. Bost lagunek hartzen zuten parte. “Orain -esan du Vazquezek- kirol egokituen federazioarekin lankidetzan, eskaintza hori egokitu egingo da erabiltzaile bakoitzaren behar edo nahietara. Helburu zehatzagoak landuko dira eta kirol hezitzaileak ere gehitu egingo dira. Lehen bakarra zegoen, eta hemendik aurrera gutxienez bi izango dira”.
Saio horiek astearteetan 19:00etan eta ostiraletan 17:30ean izango dira Elkargunean, eta bertan eman behar da izena. Izen-ematea zabalik dago.
Helduei zuzendutako eskaintza
Vazquezek gaineratu du haur eta gazteek ez ezik, desgaitasunen bat duten helduek ere badutela soinketa eta igeriketa egiteko aukera. “Astean bi egunetan biltzen dira, astearteetan eta ostiraletan. Helduei zuzendutako saio hauek bertan behera utzita egon dira Covid-agatik, baina berriro martxan jartzea da gure asmoa”.