“Ziklo honek hainbeste urte iraun badu, organoak bere publikoa duelako da, baina organoaren mundura hurbildu nahi dutenei ere ateak zabaltzen dizkie. Gainera, gure ondare musikala balioan jartzen laguntzen du”, azaldu du Kultura zinegotzi Sonia Vazquezek.
Aurtengo edizioa urriaren 1ean hasiko da 23an amaituko da. Azkoitiko Parrokian hiru kontzertu eskainiko dira. Urriaren 2an, Ben Vas Oostenek, Hagako Grote Kerk elizako organista titularrak, irekiko du zikloa.
Urriaren 16an, protagonistak Kurk Lueders organista eta Pascale Karampournis izango dira, azken hau Pasdeloup orkestrako biolinista titularra da.
Azkoitian zikloa itxiko dute Loreto Aramendik, Donostiako Koruko Amaren Basilikako Cavaillé-Coll organoaren organista titularrak, eta Sarah Pérarnaudek. Louir Robilliardekin ari da organo-ikasketak egiten Pérarnaud.
Bergarako Santa Marina Parrokia eta Loiolako Basilika izango dira zikloa garatuko den beste bi eszenatoki handiak, publikoaren gozamenerako.
Kontzertu guztiak 20:00etan izango dira eta sarrera doan izango da.
Esteban Elizondori erreleboa
Esteban Elizondo da zikloaren sortzaile eta sustatzaile nagusia eta erreleboa emateko ordua dela iritzi dio. Gipuzkoako Organoaren Lagunen Fray Joseph Echevarría elkarteak antolatuko du hemendik aurrera zikloa. Gaurko prentsa agerraldian izan dira elkarteko kide Itziar Urbieta eta Loreto Aramendi organistak, Elizondok bidelagun izan duen Jose Luis Frantzesena eta Ignacio Arakistain. Esker oneko hitzak izan dituzte denek eta hiru Udalek oroigarri bat entregatu die Elizondori organoaren alde egindako lan eskergagatik. Elizondok esan du lana egitea tokatu zaiola baina etengabeko gozamenarekin egin duela.