Foru arduradunak azaldu duenez, “Herritarren parte-hartzeari esker, gobernuak indartu egiten dira, eta politika publikoak ere indartu egiten dira; gainera, interes sozialak agenda publikoan txertatzeko aukera ematen digu.” Ekimen parte-hartzaile honen helburua herritarrengana hurbiltzea da, haien hausnarketak, kezkak eta ekarpenak entzuteko. “Horrela, elkarlaneko gobernantza sustatuz eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Etorkizuna Eraikiz bezalako ekimenen bidez, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei herritarrekin batera erantzuten saiatzen gara”, adierazi du.
Kapsula Azkoitian jarri dute, Herriko Plazan, eta bertan egongo da egun osoan. “Azkoitiko biztanleek garrantzia zeri ematen dioten jakiteko lagungarria dugu, zeintzuk diren haien kezkak eta gogoetak, horretarako, Gipuzkoa 2040an nolakoa imajinatzen duten galdetzen diegu”, gogoratu du Mendozak, herritar guztiei zuzendutako proiektua dela azpimarratuz. Dinamika horren helburua da, halaber, herritarrak gogoeta egitera eta lurraldearen etorkizunarekin konprometitzera bultzatzea.
Bestalde, Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak azaldu duenez, “Iragana ez dugu berreskuratuko. Ikasteko eta gogoratzeko balio digu. Oraina momentua bizitzeko da, baina baita etorkizuneko oinarriak eta baloreak eraikitzeko ere. Herritarron kezka nagusia, dudarik gabe, etorkizuna da. Ze bizimodu izango dute seme-alabek? Lanik izango dute? Zer gertatuko zait zahartzaroan? Ze herri utziko diegu?... Antzeko kezkak ditugu guztiok eta beharrezkoa da guztion artean buruan dugun etorkizun horri heltzea, guztiok baitugu hor zeresana eta zeregina”.
Etorkizuna Eraikiz kapsularen bigarren fasea amaitu ondoren, jasotako ekarpenak aztertuko dira eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko dira. Proiektu hori Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du, eta Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko lan egiten du, hainbat ekimenen bidez, hala nola, erreferentziazko zentroen, proiektu esperimentalen eta aurrekontu irekien bidez.
Ekimen parte-hartzaile hau oso interaktiboa da eta erabiltzaileari esperientzia bat sortzeko prestatu da, baina ezin dugu ahaztu bere helburu nagusia: ekimen honek herritarren parte-hartzeak eta lankidetzak lurraldearen beharrak konpontzeko duten garrantzia jasotzen du. “Gipuzkoa oso azkar hasi da aldatzen, etengabeko aldaketa prozesu baten aurrean gaude, eta garai berrietara eta gizartearen behar berrietara egokitu behar dugu; horretarako beharrezkoa da hainbat eragileren lankidetza, hala nola enpresa publiko-pribatuena, erakundeena, elkarteena… bai eta gizartearen parte-hartzea ere.
Datorren astean, bestalde, kapsula Mondragon Unibertsitatean aurkituko dugu. Itzuli berri honek interes berezia jarri du gazteengana hurbiltzeko, haiekin lotura sortzea helburu hartuta, eta Gipuzkoaren etorkizunaren eraikuntzan ahotsa emateko, haien kezkak, proposamenak eta gogoetak zeintzuk diren ikertuko dira. Horrela, lurraldeko biztanle guztien beharretara egokitutako agenda publiko bat sortu ahal izango da. “Kapsularen bigarren fase honek garrantzi berezia eman nahi die gateei, gure etorkizuna eraikitzen ari gara eta horretarako ezinbestekoak dira Gipuzkoako gazteak”, azpimarratu du Mendozak.