Karateko Liga Nazionala Euskal Herriko udalerri batean jokatzen den estraineko aldia da, orain arte hiriburuetatik, Donostiatik eta Bilbotik, ez baita atera. Bai larunbatean eta bai igandean, lehia goizeko 8:30ean hasiko da. Finalak larunbatean 18:15ean eta igandean 16:15ean izango dira. Streaming bidez emango da guztia.
Arduradunen esanetan karatea momentu onean dago. “Gainera, senior kategoriarentzat, Dubain azaroan jokatuko den Munduko Txapelketaren aurreko liga izango da justu Azkoitikoa, beraz, garrantzitsua izango da eta maila altukoa”.
Anaitasuna Kanku Karate klubetik parte hartuko dute Manex Platerok, Kalare Olaizolak, Markel Pirisek, Felix de la Cruzek eta Ibañez anaiek, Rafaelek eta Rordigok. “Azken hauek ia ia kirolari olinpiko bihurtu dira”.
Juan Murillok, Euskal Karate Federazioko Gradu saileko zuzendaria eta Espainiako Karate Federazioko teknikaria denak, Udalaren babesa eskertu du eta gaineratu du, klub eta eskola gisa, aitortza garrantzitsua dela Azkoitira horrelako txapelketa ekartzea lortzea eta urte luzeetako lanaren ondorioa.
Euskal Karate Federazioko buruarentzat, berriz, erronka handia da estatu mailako txapelketa bat hemen antolatzea eta horretan saiatzen dira federaziotik, besteak beste, karatea sustatzeko.
Arduradunek horrelako gertaerek duten inpaktu ekonomikoa ere azpimarratu dute. Izan ere, ostatuetako erreserbetan antzematen da eragina.