“Erreparoa ematen du pasa ditugun hilabeteak pasa eta gero, baina poliki-poliki atzean utzitako guztiari heltzeko unea iristen doa. Iaz ez genuen festarik izan eta ea aurten San Andres jaiak txukun joaten diren guztion onerako”, esan du Javier Zubizarreta alkateak.
Atzo egin zuten Udalak eta elkarteek danborradaren inguruko bilera eta aurrera egitea erabaki zuten taldeetako zuzendariek eta arduradunek. Hori bai, jarraitu beharreko protokoloa landuko da eta agindutako neurriak betetzeko konpromisoa eskatuko zaie danbor-joleei. Protokoloa entseguetan ezagutaraziko da. Legeak agintzen duen bezala, maskara derrigorrezkoa izango da bai entseguetan eta bai danborradan.
Danborrada azaroaren 20an izango da, eta entseguak azaroaren 3tik 20ra bitartean, astelehenetan eta asteazkenetan 20:00etan izango dira Gurea Frontoian eta larunbatetan, 11:00etan.
San Andres egunari dagokionez, Udalak postuetako arduradunak bilera batera deituko ditu antolakuntzari lotutako gaiez hitz egiteko. Pilota partiduak ere antolatuko dira, oraindik ixteko dauden arren.