Ekimenaren bueltan egitarau zabala antolatu da.
Parte hartuko duten hainbat elkartek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean bihartik abendu amaiera aldera arte luzatuko den egitarauaren berri emateko. Denek esker oneko hitzak izan dituzte Udalarekiko eta Azkoitiko herriarekiko ematen duten laguntzagatik eta laguntza horri esker garatzen ari diren proiektuak izan dituzte hizpide. Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak ere haien guztien lana goraipatu eta aitortu du, “beharrean dauden pertsonei eskaintzen dien denboragatik eta ahaleginagatik”.
Garapenean Bidelagun egitasmoaren aurtengo edizioak bildu ditu Gazteak eta Garapena, AMS Mundu Solidarioa Helburu, Azkoitiko Misio Taldea, Munduko begiak, Asociación de Salvamento Marítimo Humanitario SMH, Darahli elkartea, Lumaltik Herriak, Behar Bidasoa eta ACOES.
Prentsaurrekoan parte hartu duten taldeetako ordezkariek euren testigantza eman dute. “Gure leloa da beraiei dagokiena bueltatzea”, esan du Behar Bidasoako Iñaki Lizasok. Txiroenentzat etxetxoak eraikitzen laguntzen dute Rwandako Kabugako garapen poloan. “Lastozko etxetxoetan bizi dira eta erraz erortzen dira uholdeak direla edo klimagatik”.
Azkoitiko Misio Taldeak elikagai edo eskolako materialen edukiontziak bidaltzen ditu hainbat tokitara. “Felix Azurmendi gurekin dagoenetik Malira ere laguntza bidaltzen dugu”, azaldu du Tere Aranbarrik. Bidezko Merkataritza Denda jarriko du taldeak Azoka plazan abenduaren 7tik 18ra birtartean.
Munduko Begiak elkarteak itsutasuna desagerraraztea du xede. Malin, Mozambiken, Saharan eta Bolivian egiten du lan. “Toki haietan -dio Miren Rodriguezek – kataratengatik edo sendabidea daukaten beste gaixotasun batzuengatik jendea itsu geratzen da. Elkartearen lanari esker, ez ikustetik ikustera pasatzen dira asko.
ACOES elkarteak Honduras du jomuga eta herrialde hartara bideratzen ditu ahaleginak hezkuntzako proiektuen bidez. 11.000 haur eskolatzea lortu dute, Amaia Arregik azaldu duenez.
Bere aldetik, Darahli elkarteak begiak eta indarrak jarriak ditu Euskal Herriaren eta Mendebaldeko Sahararen artean zubiak eraikitzeko. Tindufeko errefuxiatuen bizi-baldintzak hobetzea du helburu. Ur deposituak eramanez, mikrokredituak emanez edota “Oporrak bakean” bezalako ekimenekin laguntzen dute. Hari esker, 300 haurrek dute udan kanpamenduetatik ateratzeko aukera, Samuel Ruizek eta Lurdes Alberdik azaldu bezala.
Maria Jesus Zubizarretak azaldu du Gazteak eta Garapena taldeak Salestar Misioekin batera. Beningo haurrei laguntzen dietela. Hain justu, Garapenean Bidelagun egitasmoaren bueltan antolatutako jarduerei hasiera emango die Pintxo Solidarioarekin eta Bigarren Eskuko Azokarekin. Hitzordua Kontzejupean izango da eta Alai Batzaren eskutik, jolasak izango dira haurrentzat. 10:30etik 14:00etara izango da.
AMS Mundu Solidarioa Helburu elkartearen eta Fundación Goyenecheren izenean hitz egin du Isabel Medinak. Arrasateko Garaguneko kideak izan ditu bidelagun. Elkarteak aniztasun funtzionala duten Nikaraguako Diriamba hiriko herritarrei laguntzen die. Azkoitian, Fundación Goyenecherekin elkarlanean, “Zubiak eraikitzen” erakusketa jarriko dute. Bertako Garagune zentroetan eta Diriambako zentroetan hartutako argazkien bildumak osatzen du erakusketa.
Agenda solidarioa
Bihartik abendu amaiera bitartean, bi erakusketa bisitatu ahalko dira “Zubiak eraikitzen” eta “Munduari begiak irekitzen”. Ikusi ahlako diren dokumentalen artean daude “Gabor”, “Ocupación S.A.” eta “Libertad”.
Biharko Bigarren Eskuko Azokaz gain, azaroaren 28an, Gobernuz Kanpoko Erakundeek azoka jarriko dute Herriko plazan eta Berdura Azokan Bidezko Merkataritza Azoka egongo da abenduaren 7tik 18ra.