“Aurrekontu oro oinarrizko ariketa baten emaitza da, alegia, beharrak eta inbertsioak lehenetsi eta zenbaki taula batean txertatu behar dira. Diru-sarrerak mugatuak dira, mantenimendu kostu altua duten gero eta zerbitzu gehiago eta hobeak ditugu eta gastu arrunta direnak dira. Horiek dira, besteak beste, Udal baten inbertsio ahalmena zehazten duten faktoreak. Etxeko ekonomian gertatzen den bezala, ezinezkoa zaigu nahiko genukeen guztia egitea. Guk, oinak lurrean ditugula eta zuhurtzia osoarekin, inbertsioetarako %9,2 bideratzea proposatzen dugu, 1.496.960,69 euro, alegia”, dio Ogasun zinegotziak.
Datozen egunetan jasoko dituzte beste alderdien ekarpenak eta iradokizunak, eta haiek aztertu eta baloratu ostean, asmoa da abenduaren 22ko udal osoaren bilkuran bozkatzea datorren urteko aurrekontuak.
Azoka Plazaren eraberritzea da Udal Gobernuaren apustuetako bat. “Aurten Azoka Plazaren inguruko azterketa egin da eta bertan jarraibideak jasota daude. Testuinguru horretan, garrantzitsua da oso guretzat, instalazioak berritzea, teilatua eta barrualdea·. 220.000 euro jarri nahi ditu Udal Gobernuak Azoka Plaza biziberritzeko.
Kostu altuko beste esku-hartzea, jada esleitua dagoena eta urtarrilean hasiko dena, herriko luminarien aldaketarena da. 2022Ko proposamenean 429.960,60 euroko partida aurreikusi du Udal Gobernuak. Inbertsio osoa 975.038,36 eurokoa da eta zati bat 2021eko aurrekontuetan sartu zen. Udalak, gainera, Europatik 490.000 euroko dirulaguntza jaso du horretarako.
Halaber, Udal Gobernuak fokua beste hainbat hobekuntzetan jarri du. Oteiza pilotalekuetan komun publikoa ipintzea, Goiko Losa eraberritzea, Oteiza Frontoiak txukuntzea eta txakurren parke bat eraikitzea dira jasotako proposamenak.
Horiei 2021eko aurrekontuetatik eratorritako beste hainbat proiektu gehitu behar zaizkie, hala nola, Floreagako bigarren igogailuaren instalazioa, parke bio-osasungarria, eta skate, kalistenia eta parkour parkea. Azken proiektu horrek geldialdia izan zuen pandemia tarteko, baina berriro heldu zaio.
Proiektu estrategikoak
Proiektu estrategikoen artean daude igerilekuen handitzea, eta San Martin auzoko eta San Jose egoitzako irisgarritasuna hobetzeko proiektuen idazketa. Mahaigainean dauden proiektuak dira, aurreikusitakoak, eta gerakina erabiliko da finantziatzeko. Aurrekontuek urtebete hartzen dute eta aipatutako proiektuek, duen tamainagatik, lan luzeagoa eskatzen dute.
Gizarte Ongizaterako %6,18ko igoera
Ongizate, Berdintasun eta Inmigrazio batzordea da igoerarik handiena izango duena, gobernukideen proposamenaren arabera. %6,18ko igoera aurreikusten dute zerbitzuak mantentzeko eta optimizatzeko edota ekimen berriei bide emateko. “Berriki – azaldu du Janire Igoak – Eguneko Arreta Zerbitzua jarri dugu martxan adineko pertsonei euren etxeetan bizitzen jarraitzen laguntzeko. Dauden beharrei erantzuten ahalegintzen gara eta zerbitzu berria horren froga da, eta noski, aurrekontuan ere badu eragina”.
Etxez Etxeko Zerbitzura bideratutako diru-partidak, esaterako, %7,37ko igoera izango du.
Segurtasuna
Batzorde edo sail gehientsuenetara bideratutako diru-partidek ez dute aldaketa nabarmenik izango, Gizarte Ongizate eta Hirigintza sailak kenduta, baina bada beste salbuespen bat ere. Udaltzaingoaren diru-partida ia bikoiztu egingo da. Kamera bidez, matrikulen irakurketa bidezko zaintza eta kontrol sistema berria ezarri nahi da sarrera-irteeretarako, eta horixe da igoeraren arrazoia.