“Uste dut afizioari eta taldearen koloreak bizi dituenari, asko gustatuko zaiola Larrañagaren lana. Armarriak ere merezi du nabarmentzea eta bere tokia ematea”, azaldu du Javier Zubizarreta alkateak. “Nahi izan dugu -gaineratu du – balioan jarri herriko artisten sormena eta beste zenbait eraikinetan egin bezala, ukitu bat eman diogu Txerloiari. Gorka Larrañagaren eta Udane Juaristiren lanak ikus daitezke Altzibarren edota Azoka Plazan. Orain, Txerloian ere bai. Azkenean, herriko artisten erakusleiho bihurtu dira hainbat gune”.
Anaitasuna herriko instituzio sozialik zaharrenetarikoa da, 1934an sortua baita. Larrañagaren margolanak klubaren ibilbidea dakar gogora, futbol talde bat izatetik haratago, herriko ikur bihurtu delako kluba, eta nola ez, gorrixek!.
Artistak garbi zuen fatxada margotzeaz gain, “klubari omenaldi txiki bat” egiteko aukera zuela. “Armarritik abiatuta, ekin nion sormen lanari. Ez nuen irudikatze soilean geratu nahi, baizik eta espazioa bera aktibatu nahi nuen eta amu bisual bat sortu”. Larrañagak azaldu du klubaren historia eta egunerokotasuna uztartu dituela, garai bateko eta egungo jokalariak iradokiz, gizon eta emakumeak. “Futbol talde batek – gaineratu du- berezkoak dituen osagaiak erabili ditut: jokalariak, armarria, bandera eta hori guztia batzeko, koloreak. Kasu honetan garrantzia handia hartu dute koloreek”.