Iraurgi Berritzen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo departamentuarekin batera “Ignaziotar Lurraldea 360º” proiektua ari da garatzen. Ignaziotar Lurraldeko (Urola Erdia, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeak barne hartzen dituena) baliabide turistikoen digitalizazioa du ardatze proiektuak eta horixe da hain zuzen Gipuzkoa Turismoaren mugarrietako bat 2022ari begira.
Iraurgi Berritzenetik azaldutakoaren arabera, Ignaziotar Urtearen testuinguruan garatu den arren proiektua eta 2021-2022 urteetako ospakizunen baitan, “ez da inola ere une puntual horretara mugatuko, denboran irauteko bokazio argia duelako”.
Turismo baliabideak eta onarea balioan jartzeko ohikoak diren euskarri fisikoen (mapak, eskuorriak...) digital formatuko analogo bat sortzea izan da oinarrizko ideia eta hasiera puntua, gizarte digitalaren kontsumo ohituretarako egokia dena.
HD360º argazkiek eta multimedia formatuko narratiba eta kontakizunek osatzen dute garapen fasean dagoen proiektu hau.
FITURen aurrerapen bat aurkeztu da. Proiektua bere osotasunean apirilean egongo da amaituta.
Azkoitiko ordezkaritza FITURen
Azkoitiko Udaleko Ondare eta Turismo zinegotzi Juan Bautista Mendizabal FITUR azokan izan da bisitan. Euskadiko standaren inaugurazio ekitaldian izan da, eta bide batez, aukera izan du Turismo sailburu Javier Hurtadori “Ignacio de Loyola 500 años de su Conversión” liburua entregatzeko, herrian dugun Ignaziotar Bidea ibilbide turistikoaren harira. Izan ere, protagonismo handia hartu du aurten FITURen Ignaziotar Bideak.
*Argazkiak: Basquetour.