Behin pleguak onartuta, datozen egunetan aterako da salmenta lizitaziora eta aurkeztu nahi duten enpresek 30 egun naturaleko epea izango dute, GAOean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Udalak eraikina kokatzen den lursaila salmentara ateratzea erabaki zuen Visesak babestutako etxebizitzak eraikitzeko Udalarekin zuen hitzarmena bertan behera utzi zuenean. Visesa etxeak eraikitzeko obren lizitazio prozesua martxan jartzeraino iritsi zen. Eraikina birgaitzeak duen kostuak, ordea, ia esku-hartze kirurgikoa baita, enpresak atzera botararazi zituen, eta lanak esleitu gabe geratu ziren. Ondorioz, Udalak berriro hasieratik hasi behar izan zuen. Testuinguru horretan erabaki zen ekimen pribatuari aukera ematea eta Idiakez Ederra Etxea salmentara ateratzea etxebizitza libreak altxatzeko. Esleipendunak 16 etxebizitza eraiki ahalko ditu gehienez.
Lursaila saltzeko lizitazioaren hasierako prezioa 41.076.86 eurokoa da. Balorazioa egiterakoan kontuan hartu behar dira, ordea, eraikinak dituen kargak. Izan ere, Udalak egindako azterketa teknikoen estimazioaren arabera, bakarrik eraikitze kostu zuzenak 3.000.000 euro inguruan dabiltza.
Eraikinaren eroslea derrigortua dago babestutako elementuak birgaitzera eta balioan jartzera. Jesusen Bihotza plazara eta Kale Nagusira ematen duten fatxaden zaharberritzea bermatu beharko du, beste hainbat baldintzen artean. Bestalde, erakundeei dirulaguntzak eskatzeko obligazioa ere izango du.
“Udalak – azaldu du Javier Zubizarreta alkateak – ezin du interes ekonomikorik eduki honetan, irabazirik ezin duelako egon tartean. Konformatzen naiz Nagusia 80 behin behingoz eraberrituta ikustearekin, herritarrak bezalaxe. Sekulako lana egin dugu hori horrela izan dadin”. 2015ean Udalak aldamioak erostea erabaki zuenetik alokairuaren hileroko kostua saihesteko eta bizilagunekin negoziaketetan hasi zenetik, Idiakez Ederra Etxeak atal asko izan ditu “eta badirudi azken kapitulura iristen ari garela”. Hau bigarren saiakera dugu, Visesarekin egindako hitzarmenak porrot egin ostean. Nik ez dut txalorik joko garabia etxe horretan ikusten dudan arte, baina espero dut oraingoan dena ondo ateratzea. Besoak gurutzatuta behintzat ez gara egon”, dio alkateak.
Alkatearen hitzetan, “hauxe da ahalik eta epe laburrenean Idiazkez Etxea berreskuratzeko dagoen alternatiba bakarra”.
Beheko lokala, Jubilatuen Etxearentzat
Udalak Jubilatuen Etxea Idiakez Ederra eraikinaren beheko lokalera lekualdatzeko asmoarekin tinko jarraitzen du, irisgarritasunagatik eta erdi-erdian dagoelako. Horregatik, lizitazio pleguetan jasota dago Nagusia 80 erosten duenak, eraikinaren beheko lokala Udalari saldu beharko diola 520.047,29 eurotan. Diru-kopuru hori jaitsi egingo da esleipendunak erakundeen dirulaguntza jasotzen duenean.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero ateratzen dute dirulaguntzen deialdia babestu beharreko ondasunak birgaitzeko. Idiakez Ederra Etxearen erosleak deialdi horietara aurkeztu beharko du proiektua, pleguetan jasota dagoen moduan. Laguntza jasotzen badu, lokalaren prezioa jaitsi egingo da.