Enpresa, enplegua, merkataritza eta turismoa sustatzeko udalak 294.374,74 euro jarriko ditu. Horietatik 212.374,74 euro Iraurgi Lantzenek jasoko ditu bailarako enpresen arteko lankidetza eta enplegu politikak sustatzen jarraitzeko. Besteak beste, langabezian dauden pertsonen kolektiboetara egokitutako formazioa eskaintzeko programa ezberdinen bidez. Halaber, merkataritza indartzeko egingo da lan. Merkataritza sailak ere 82.000 euroko izango ditu erabilgarri Herrixen Merkatari Elkarteari laguntzeko, lokal hutsetan aktibitatea sor dadin alokairurako laguntzak emateko edota merkatarientzat onuragarriak diren jarduerak antolatzeko. Iraurgi Berritzenen bidez, turismora 53.178,65 euro bideratuko dira.
Gizarte Zerbitzuen sailak 406.925 euro kudeatuko ditu dirulaguntzetan. Adikzioak gainditzeko tratamenduan dauden pertsonei, tratu txarrak jasaten dituzen emakumeei edota baliabide urriak dituztenei laguntzeko dira laguntzak. Halaber, laguntza jasoko dute garapen bidean dauden herrialdeetan lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeek eta eragile sozialek, Cáritasek, Hurkoak, Elikagai Bankuak, Malen Etxeak edota Izan Fundazioak, besteak beste.
Kirola sustatzeko 718.200 euro bideratuko dira laguntzetan, eta kulturarako 596.700 euro. Kirol eta kultura elkarteei laguntzak emateaz gain, Elkargune Zubiaurre Instituturako, Eskola Kirolerako edota Musika Gunerako dirulaguntzak daude sartuta.
Esanguratsua da baita Urola Erdiko Mankomunitatera Udalak egiten duen ekarpena hondakin bilketagatik. 1.363.917,36 euro jasoko ditu.
Dirulaguntzen zerrenda osatzen dute euskarara bideratutako laguntzek, etxebizitzaren alokairua ordaintzeko ematen direnek, edota festen antolakuntzarako kudeatzen diren laguntzek.