2020ko martxoan hainbat ikastetxe batu ziren Euronet 50/50 proiektura “Entzun energiaren ahotsa” lemapean. Gaur goizean erakundeetako eta Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilko eskoletako ordezkariak elkartu dira hitzarmenak berritzeko edo estrainekoz sinatzeko.
Azkoitian egitasmoan parte hartzen dute Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Xabier Munibe Ikastola eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroek, Energiaren Mahaiko kideek.
Hitzarmenak sinatzeko Errezilen bildu dira ordezkargi guztiak. Bertan izan dira Javier Zubizarreta alkatea eta eskoletako arduradunak, eta haiekin batera izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Mónica Pedreira eta Iraurgi Berritzenen presidente eta Azpeitiko alkate Nagore Alkorta. Errezilko alkatea den Xebero Agirretxe ere bidelagun izan dute. Halaber, ikastetxeek ordezkaritza zabala eraman dute.
Javier Zubizarreta alkateak “kontzientzia hartzearen” garrantzia azpimarratu du. “Ingurumenarekiko kontzientzia baldin badugu, egingo da egin beharrekoa eta guztion onerako izango da”. Halaber, elkarlana giltzarri da alkatearen irudiko. “Gaurko munduan -esan du- erronka ikaragarriak ditugu eta zerbait lortzekotan elkarrekin lan eginda lortuko dugu, bakarka ezin gara joan”.
Zubizarretak erakundeak eta ikastetxeak zoriondu ditu eta kontsumoak murrizteko eta eraginkortasun energetikoa lortzeko egiten ari diren ahalegina eskertu die.