Gaur Azkoitian izan da Asier Hernandez braren inguruko zertzelada nagusiak azaltzeko. Sonia Vazquez Kultura zinegotzia izan du bidelagun.
Ivor Martinic kroaziarra da testuaren egilea eta Aizpea Goenagak itzuli du euskarara. Antzezlana Zagreben 2011n estreinatu zen eta Fernando Bernués eta taldekideak Buenos Airesen biran zebiltzala deskubritu omen zuten obra. “Joan ziren ikustera eta erabat liluratuta eta hunkituta atera ziren. Hura izan zen proiektuaren hasiera”.
Hernandezen hitzetan, “oso testu ederra da, sotiltasunez eta emozioz betea dago eta umore pintzelkada batzuk ere badauzka”. “Antón Chéjov antzerkigile errusiarraren puntu hori dauka. Testua irakurritakoan pentsatu nuen Chéjov bizirik egongo balitz, horrelaxe idatziko zukeela eta gero gauza bera entzun nion Ivor Martinici. Badirudi ezer ez dela gertatzen, eta ezer gertatze ez den horretan, zenbat gauza gertatzen den!”.
Antzezlanean protagonista familia da. “Horretxegatik -dio Hernandezek- gara 10 aktore. Pertsonaia zentrala Mia da, eta Miak zaintzen ditu bere ama eta aita, eta batez ere, Branko bere semea. Istorioa hasten da Brankok 25 urte betetzen dituen egunean. Gaixotasun bat dela-eta, gurpildun-aulki batean dago, eta egun horretan biltzen diren senitarteko eta lagunen artean sortzen diren emozioak kontatzen dira”.
Bernuések punta-puntako aktoreak bildu ditu antzezlan honetan: Miren Arrieta, Ane Gabarain/Klara Badiola, Mireia Gabilondo, Asier Hernández, Ander Iruretagoiena, Xabi "Jabato" López, María Redondo, Martxelo Rubio, Jose Ramon Soroiz eta Dorleta Urretabizkaia.
Publikoaren erantzuna oso ona izaten ari da. “Donostian egon berriak gara eta bai euskaraz eta bai gazteleraz aurkeztu dugu eta oso harrera ona izan du. Antzokia leporaino beteta eta jendea hunkituta atera da”.