Kontzertuan Esne Beltza-ren abestiak izango dira gehienak baina Amak-en bi kantu ere joko dituzte. Elkarrekin zortzi bat kontzertu eman dituzte, baina ez du jarraipenik izango. “Pandemia garairako pentsatu genuen zerbait da. Azkoitikoa eta beste kontzertu bat dugu Amak-ekin, baina laister amaituko dugu, zeren Esne Beltzak disko berria prestatzen ari da, eta oso gogotsu gainera”. Momentuz, disko berriaz ezin omen du ezer aurreratu.
2020an Japoniara eta Koreara joatekoak ziren, baina pandemiak planak hautsi zizkien. “Orain zain gaude, ea noiz izaten den posible”. Galizian, Katalunian… kontzertu franko eman izan du Esne Beltza taldeak. Japonian hamar bat aldiz izan da Solano, eta han ere arrakasta izaten dute. Japoniarrek trikitixa entzundakoan ze aurpegi ipintzen duten galdetuta, “hasieran harriduraz” hartzen dutela dio, baina gero eta jarraitzaile gehiago dituztela. “Kaxa eroa edo la caja loca deitzen diote soinuari, hain instrumentu txikia izanda horrelako orroa nola atera dezakeen galdetzen dute”.
Hala ere, gehiago bidaiatuko lukete ahalko balute. “Kanpotik deitzen digute, baina 12 urte daramatzagu jotzen, denok familia daukagu eta geure lana, zeren gu ez gara honetatik bizi. Gustatzen zaiguna egitea asteburuetan kristorena da guretzat, baina beste ikuspegi batetik ikusten dugu. Gauzak aldatzen joaten dira”. Xabi Solano bera musika irakaslea da Oiartzunen.
Uste du trikitixak momentu ona bizi duela eta oso presente dagoela. “Jaialdi asko dago, larunbatean, adibidez, guk Azkoitian joko dugu baina San Josetako jaialdia ere hortxe dago”.
Esne Beltza eta Amak-en kontzerturako sarrerak aurrez eskura daitezke www.azkoitia.eus/agenda loturan sartuta edo www.entradium.com atarian. Egunean bertan, leihatilan ere erosi ahalko dira.