Maxixatzen Euskara Elkarteko Julen Garatek, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari eta Pamiela argitaletxeko ordezkaria den Carmen Elvirak eta Susa argitaletxeko Leire Lopezek hartu dute parte aurkezpenean, Udaleko Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagarekin batera.
“Emakumea eta literatura betidanik egon dira lotuta, eta emakumea joan da merkatuan bere tokia egiten, baina emakumeok lehen lerroan jartzeko beti dauzkagu gainditu beharreko oztopo gehiago, eta horri buelta emateko, behar beharrezkoak ditugu horrelako ekimenak”, azaldu du Mertxe Zubillaga zinegotziak.
Bere aldetik Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak esan du “azoka baino jai bat izatea” nahiko lukeela, “literaturaren eta emakumeen jai bat”. Emakumeen begiradari erreparatu dio. “Zenbat emakume dago, idazleak, ilustratzaileak, irudigileak… hazten joan da emakumearen presentzia argitaletxeetan, eta horrelako espazioak izatea eta babestea garrantzitsua da”.
Maxixatzen Euskara Elkarteak 2005etik 2008ra bitartean antolatu zuen Geure Gelatik liburu azoka, “baina orduan – Julen Garateren hitzetan – liburu bat aurkezten zen. Oraingo egitaraua indartsua da eta izen handiko autoreak datoz”. Azokarekin euskarari bultzada bat eman nahi zaiola azpimarratu du Garatek.
Bai argitaletxeek eta bai Maxixatzen Euskara Elkarteak Udalaren laguntza eskertu nahi izan dute.
Liburu azoka eta liburu aurkezpenak, eta gainerako ekitaldiak Elkarguneko Herriko plaza aretoan izango dira.
Azokari hasiera ostiral arratsaldean, apirilaren 1ean, emango zaio. Bertan, Arantxa Urretabizkaiari aitortza egingo zaio bere ibilbidearengatik. Egun berean, Amaia Zinkunegiren “Otsandreak korrika” kontaketaz gozatzeko aukera izango da.
Larunbatean, goiz eta arratsalde, liburu aurkezpenak egingo dira. Garbiñe Larrea “Sendabelarrek dakitena” liburuaren inguruan arituko da solasean; Irati Jimenezek “Begiak zabalduko zaizkizue, “debatea piztu nahi duen” saiakera liburuaren gainean egindako emanaldia aurkeztuko du. Eider Rodriguezek “Eraikuntzarako materiala”, bere azken eleberria ekarriko du Azkoitira, “ia 40 urtez elkarrekin bizi arren, misterioa den aitarekin egoteko bidaia” jasotzen duen liburua. Larunbatean aurkeztuko den azken liburua Goiatz Labandibarren “Amez” liburua izango da. Labetik atera berria hori ere, amez diharduten hogeita bat narraziok osatzen duten lana.
Igandean, Edna O`Brienen “Landa aldeko neskak” aurkeztuko du Gema Lopezek. Berak itzuli du euskarara XX. mendearen erdialdeko landa-giroan jaiotako bi neskatilen abendurak kontatzen dituen nobela.
“Geure Gelatik” azokari itxiera emateko, 25 lagunek irakurketa egingo dute. Emakumeek idatzitako liburuetatik hartutako testuak irakurriko dituzte.
Egitaraua erakargarria da eta arduradunek herritarrak animatu nahi dituzte azokan murgiltzera eta gozatzera.
Azokaren ordutegia:
Apirilak 1, ostirala: 17:00-20:00
Apirilak 2, larunbata: 11:00-14:00 / 17:00- 20:00
Apirilak 3, igandea: 11:00-14:00
Egitaraua:
• Apirilak 1:
◦ 17:00 Irekiera
◦ 17:30 Ibilbidearen aitortza: Arantxa Urretabizkaia. Aurkezlea Juan Luis Zabala.
◦ 19:00 Amaia Zinkunegiren “Otsandreak korrika” kontaketa.
• Apirilak 2
◦ 11:00 Garbiñe Larrearen “Sendabelarrek dakitena” (Argia).
◦ 12:00 Irati Jimenez “Begiak zabalduko zaizkizue” (Elkar) saiakerarekin prestatutako emanaldia.
◦ 17:00 Eider Rodriguezen “Eraikuntzarako materiala” (Susa).
◦ 18:00 Goiatz Labandibarren “Amez” (Alberdania).
• Apirilak 3
◦ 11:00 Gema Lopez: Edna O´Brienen “Landa aldeko neskak” liburuaren itzulpena (Erein).
◦ 12:00 Emakumeek idatzitako liburuetatik aukeratutako testuen irakurketa. 25 lagunek irakurriko dute.
◦ Amaieran hamaiketakoa parte hartzaileekin.