Mezua argia izan da. “Gidatzea ez da jolasa. Segundu batean alda daiteke bizitza, eta horrek, ez du atzera bueltarik”. Edatea edo bestelako drogak hartzea eta bolantea ez dira bateragarriak. “Alkoholak eta drogek 16 aldiz handitzen dute istripu arriskua”. Parranda edo festa gau bat drama batean amaitu daiteke erabaki desegokiak hartutakoan. Horixe helarazi nahi izan du Segurtasun sailak testigantzen eta bideoen bidez.
Datuak latzak dira. 2021ean, Euskadin 25 urtez azpiko 2.636 gazte egon dira istripu batean nahastuta.
Mertxe del Sol udaltzainak 22 urteko esperientzia du eta gidarien arduragabekeria askotan ikusi du. “Barneratu behar dugu edanda egonez gero, motordun ibilgailurik ezin dugula hartu. Denon esku dago hori. Tristea izango litzateke benetan –esan die gazteei– zuetako norbait programa honen protagonista bihurtzea”. Onartu du data jakin batzuetan arriskua asko areagotzen dela, Gabon inguruan edota herriko festetan, besteak beste.
Iaz Azkoitiko Udaltzaingoak herri barruan 30 istripu artatu zituen eta beste 28 Ertzaintzak. Segurtasun sailak “hiru hiltzaile” bereizten ditu nagusiki: “Abiadura handia, alkohola eta drogak, eta distrakzioak”. Izan ere, datuen arabera, gazteen %43k WhatsAppa erabiltzen du gidatzerakoan eta horrek, istripu arriskua %23 handitzen du.
Distrakzio baten ondoren geratu zen Alaitz Arbilla gurpil-aulkian. Lau urte zituen. Ama zihoan bolantean eta bera atzean. Garai hartan ez zegoen umeentzat aulki berezirik eta uhalik ere ez zeraman. Zigarro bat erre behar zuela eta di-da batean, burua atxa zuenerako amak, kamioi baten kontra jo zuten. Ama larriki zauritu zen baina fisikoki ondo jarri zen. Ez, ordea, emozionalki.
Aholku bat ere partekatu nahi izan du Arbillak istripuen aurrean nola jokatu jakiteko. “Ez dakit nire lesioa kolpeagatik izan zen, edo lurrean odolduta ikusitakoan, bertaratu ziren pertsona batzuk besoetan hartu nindutelako. Horrelakoetan, anbulantzia etorri bitartean, ez da zauritua mugitu behar. Dakitenak iritsi arte, ez da komeni ezer egiterik”.
Mediku eta erizainez gain, suhiltzaileek ere badute horretan eskarmentua. “Kotxeetan harrapatuta geratutakoan, gure lana barruan dauden pertsonak ateratzea izaten da. Kontu handiz egin beharreko lana da, lesiorik ez sortzeko eta egoera okertu ez dadin”, azaldu du Roberto Martijak.