“Erritmo onean doaz aurrea hartzeko hiru tarteetako lehenengoaren obrak, eta espero dugu urtea amaitu baino lehen bukatzea; bien bitartean, aste honetan, bigarren tartearen idazketa adjudikatu dugu. Errepide horrek dituen 13 kilometroak oso garrantzitsuak dira ibilbide hori erabiltzen duten milaka gidarirentzat, bai Zumarragako erreferentziako ospitalera joateko, bai handik Gipuzkoako gaitasun handiko biribilgunearekin konektatzeko. Lan horiei esker, hobetu egingo dira joan-etorri horien segurtasuna eta erosotasuna”, gogorarazi du diputatu nagusiak.
Era berean, nabarmendu duenez, obra hori egiteak berekin dakar apustu garbi bat egitea lurralde orekaren alde, halako moduan ezen, barrualdeko bi eskualdek, Urola Garaiak eta Urola Erdiak, beren konexioak hobetuko baitituzte, eta, horrela, eremu horretako sare ekonomikoaren lehiakortasuna indartuko da. ”Errepide sare eroso, moderno eta seguru bat izatea ere funtsezkoa da gure enpresentzat eta egunero beren lantokietara joaten diren langile guztientzat”, nabarmendu du, eta azpimarratu du azpiegituretan inbertitzea ere oso kontuan hartu beharreko faktore bat dela sustapen ekonomikoaren aldeko politikak bultzatzeko orduan.
Aurrea hartzeko bigarren tarte hori Azkoitiko udal mugartean dago; 1.450 metro luze izango da; eta asmoa da errepide tarte hori zabaldu eta hobetzea. “Errepidearen plataforma zabalduko dugu, harik eta aurrea hartzeko balioko duen hirugarren errei bat eduki arte, aurrena Urretxuko noranzkoan, eta gero, kontrako noranzkoan. Baita ere hobetuko dira zenbait baserritarako sarbide baten segurtasun baldintzak”, azaldu du Bide Azpiegituretako diputatuak, eta gaineratu duenez, aurreikusitako jarduketaren ezaugarri nagusia da ahalik eta gehiena aprobetxatzea lehendik dagoen plataforma, “kontuan hartuta geologia motako zailtasun handiak daudela”.
Bigarren tarte hori idazteko zitazioak 7 hilabeteko gauzatze epea dauka, eta 103.818 euroko aurrekontua. Bigarren fase horren exekuzioa 2024 urte amaierarako bukatuta izatea espero du diputatu nagusiak.
GI-631 errepidea hobetzeko proiektuak 45,5 milioi euroko aurrekontu osoa du, eta obrak 2020an hasi ziren, Aizpurutxo auzoko zeharbidea hobetzeko lanekin. Ez bakarrik bi noranzkoetan aurrea hartzeko erreiak izango dituzten hiru tarte egitea, non erradioak eta bihurguneen ikuspena handituko diren, baita ere planteatzen da Urretxuko sarreran zortzi bihurgune hobetzea eta laugarren tarte bat egitea, non trazadura ere hobetuko den. “Jarduketa horien bidez, nabarmen hobetuko dira errepide horretatik igarotzen den trafikoaren arintasuna eta segurtasuna”, adierazi du foru diputatuak.