Egurbide Monumentu Multzoa osatzen dute Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusiak eta eranskinek, XVII. mende hasierakoak; XVIII. mendeko Aingeru Zaintzaile Santuaren ermitak eta XVI. mendeko Egurbideko errotak eta burdinolak. 2008ko maiatzean Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Errotak, gure ondarea
Errotak gure ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte dira. Mende askotan zehar garrantzia handia izan dute Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurraldearen antolaketaren eta giza jardueraren adierazpenik esanguratsuenetako bat dira, ondare adierazgarria, gizakiak bere ingurunearekin dituen harremanei buruz hitz egiten duena, eta gure kulturaren eta historiaren parte diren iraganeko bizimoduei buruz hitz egiten duena.
Gipuzkoako Erroten Eguna ospatzeko ekimena Ihurrita Errota elkarteak bultzatu du, eta lurraldeko hainbat elkarte, udalerri eta eragileren laguntza izan du, besteak beste, San Telmo Museoarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Jendeari errotak hobeto ezagutzeko eta ondare-elementu horri lotutako alderdi ezberdinak ulertzeko aukera ematea du helburu: historia eta kultura, ingurumena, teknologia, energia desberdinen erabilera eta gure gizarteak eta paisaiak izan dituzten aldaketak.
Lurraldearen orografiari eta klima euritsuari esker, errotaren industria garatu da, mendeetan zehar energia hidraulikoa baliatzen baitzuen komunitateari zerbitzua ematen zion hainbat zereal mota ehotzeko. Arto amerikarraren etorrerak eta gure lurraren ezaugarrietara ondo egokitzeak euskal geografiako bazter guztietara zabaldu ziren erroten kopurua biderkatu zuen, eta hainbat mendetan zehar beren jarduerari eutsi zioten, pixkanaka bigarren maila batean geratzen joan ziren arte.
Gaur egungo erroten panoramak ez du zerikusirik duela mende batzuetako egoerarekin, ezta Antxon Agirre Sorondok duela 40 urte Tratado de Molinología lanean bildutako 600 errota baino gehiagorekin ere. Iraganeko garrantzi ekonomikoa galduta, errotek ondare berria hartzen dute, bizimodu bati eta gaizarte baten jakintzen transmisioari estuki lotutako jarduera batena.
Gipuzkoako Erroten Egunaren bueltan 40 jarduera baino gehiago antolatu dira.