"Zelaiak, - gaineratu du alkateak- larreak eta landareak aztertu dituzue. Behar beharrezkoak ditugu guztiak, baita ura ere. Zer da hori guztia? bizia. Zelaiak, larreak, landareak, baserri eremuak edota ura zaintzen baditugu, bizia, gure bizia, zaintzen ariko gara. Aldarrikatu eta zabaldu zuen inguruan gaur hona ekarritako mezua". Gauzak ondo egitearen zentzua "sentitzearen" garrantzia nabarmendu die Zubizarretak.
Eskolako Agenda 2030 Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Jasangarrirako 17 helburutan oinarritzen da. Iaz eskoletan 15. helburuari heldu zioten eta lehorreko ekosistema bizia landu zuten. Aurten, jarraipena emateko, zelaiak, larreak eta landare itsutasuna jorratu dituzte. Aurtengo ikasturtean 1.370 ikaslek hartu dute parte.
Udalari egindako proposamenen artean aurkitzen dira, besteak beste, herrian berdegune gehiago sortzea, Munoaundiko urmael eta zuhaitzen landaketaren inguruko proiektuarekin jarraitzeko aukera izatea, etxebizitza berriak egiten direnean ondoan gune berdeak bermatzea, kaleko zaborrontziei mantenu hobea eskaintzea, edota pipentzat poltsak berriro banatzea.
Aurten zelai eta larreetako gaia lantzeaz gain, beste hainbat ekintza landu dituzte ikasleek. Munoaundiko egitasmoaz gain, Gipuzkoako beste 50 ikastetxerekin batera "Txikipedia" osatu dute landareen inguruko informazioa sarera igoaz. Halaber, irteerak aprobetxatuz, loreei argazkiak atera dizkiete herriko loreen bilduma egiteko asmoz. Jarduera zerrenda luzea da eta aipatutakoak adibide gutxi batzuk besterik ez dira. Egindako lanketa partekatzeko Ikasleen arteko Foroa dute. Ikusi proposamenak hemen.