Euskara zinegotzi Marijose Arregirentzat urrats garrantzitsua da. "Iaz egindako Herrilab+700 parte-hartze prozesuan agerian geratu zen euskara ikasteko erraztasun gehiagoren beharra, badagoelako jendea, nahiz eta gero dirulaguntzak jaso, matrikularen dirua aurreratu ezin duena. Bestalde, 2022ko aurrekontuei begira, Udal Gobernuak eta EH Bilduk adostu genuen euskara ikastea doakoa behar zuela izan, eta konpromiso horiek beteko ditugu".
Matrikula ordaintzeko erraztasunak emango zaizkie langabetuei, erretiratuei, pentsiodunei, ikasleei, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) edota Gizarte Larrialdietarako Laguntzaren (GLL) bat jasotzen dutenei. Eskatzaileari matrikularen %80 aurreratuko zaio eta %20 jarri beharko du. Ikasturte amaieran Udalak %20 hori itzuliko dio, baldin eta ikastaroa gainditzen badu eta %85eko asistentzia izaten badu.
Halaber, Udalak matrikula ordaintzeko erraztasunak ematerakoan A0A0, A1A0, A1A1 eta A2A1 mailako ikasleak lehenetsiko ditu, euskararen ezagupenik ez dutelako eta helburua delako herritar horiek euskara ulertzeko gaitasuna ahal den eta azkarren eskuratzea.
Aldaketek, euskara zerbitzuaren aurrekontuan %25-30eko igoera eragingo dute. Mailaren bat gainditzen duenak ala titulu bat lortzen duen herritarrak aukera du dirulaguntza eskatzeko HABEri, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari. Kasu horietan, Udalak eskatzaileari emango dion dirulaguntza izango da HABEk ematen dionaren osagarria eta modu horretan, eskatzaileak euskara ikastea doan izango du. Gainerako kasuak Udalak hartuko ditu bere gain.
Udalak orain arte euskara ikastaroen matrikularen %75a ordaintzen zuen, betiere, ikastaroa gaindituz gero.