Ekitaldian hainbat alkate ohi egon da, Roman Sudupe, Ramon Unanue eta Asier Aranbarri, hain zuzen. Halaber, Burruntxaliren alaba eta bere familia ere bertan izan dira.
Portaleburu izenaren jatorria
Portaleburuk ordezkatuko du hemendik aurrera Torrezuri zena. Egun, Torrezuri bezala ezagutzen zen lokalean Udaltzaingoaren bulegoak daude. Ondare zinegotzi Juan Bautista Mendizabalek "Portaleburu" izenaren jatorria azaldu du gaurko ekitaldian. Mendizabalen hitzetan, "Portaleburu" zen gaur egungo Herriko plazaren jatorrizko izena. "Barruti harresituaren sarrerako portalei egiten die erreferentzia, Bergarako Portaleari, 1730ean eraitsi ziren arku eta dorreari. XVI. mendean Portaleburun elkartzen zen Udal irekia, ordenantzak eta bestelako gaiak ezabaidatzeko".
Burruntxali eta bere ondarea
Erakusketa aretoan ekainaren 12ra arte bisitatu ahalko da Jose Alberdi Burruntxali-ren erakusketa. Datorren igandean, maiatzaren 29an, eskultore azkoitiarraren jaiotzaren mendeurrena ospatuko da eta aukera ezinhobea da artistaren ibilbide artistikoan fokua jarri eta omenaldia egiteko. Bere alaba Cheskak bihotzez eskertu du horrelako erakusketa jarri izana, eta gurasoei asko gustatuko litzaiekeela azaldu du.
Burruntxalik Donostian egin zituen marrazketa eta eskulturako ikasketak, Arte eta Lanbide Eskolan. Gerra Zibilaren garaian Ingalaterrara bidali zuten arrebekin batera.
1937an, Maidenhead-eko Arte Eskolan hasi zen. Bigarren Mundu Gerran Birminghameko gerra fabriketan jardun zuen lanean 1942ra arte. Juan Luis Vives Fundazioak Ingeniaritza Zibila ikasteko beka eman zion baina gerra amaitzean, bertan behera utzi zituen ikasketak eskulturagintzan bete-betean murgiltzeko.
Material tradizional guztiak landu zituen Burruntxalik, eta aitzindari izan zen Ingalaterran plastikoak erabiltzen. Beira eta metala ere landu zituen. Ingalaterrako erakusketarik garantzitsuenetan erakutsi zituen bere lanak, eta baita beste hainbat herrialdetan ere.
Eskultoreak 2006an bere obraren zati bat Azkoitiko herriari eman zion, 51 artelanek osatutako bilduma, hain zuzen. 2008an, hil ostean, Udalak Urrezko Intsignia eman zion.
Burruntxali-ren erakusketa ikusgai egongo da Portaleburun astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandetan, 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara.