Adierazi dutenez, klubaren gidariak oso pozik daude. "Tenis pista hau gure ume txikia balitz bezala zainduko dugu", diote. "Guretzat -dio Ainhoa Peñak- sekulako deskantsua da hau. Orain arte, eguraldia hala moduzkoa baldin bazen, zalantzaren aurrean, Azkoitia BHIko instalazioetara joan behar izaten genuen, eta behin hara joanda, han geratzen ginen lau ordutan. Orain, euria hasten badu, pista estalira sar gaitezke, eta alderantziz, atertu duela ohartutakoan, beste bi pistak erabiltzeko aukera dugu". Gainera, azaldu duenez, "lehen euria ari bazuen, txapelketak bertan behera uzten genituen. Orain, txapelketa guztiak ospatuko direnaren bermea daukagu".
Pista bat estaltzeaz gain, esku-hartzeak balio izan du irisgarritasuna hobetzeko. Sarreran lehen zeuden eskailera mailak kendu egin dira eta sarrera tokiz aldatu da irisgarria izan dadin, eta oztopo arkitektonikorik ez dezan inork topatu pistetara sartzeko. Halaber, estalitako pista ondoan bankuak ere ipini dira partiduak erosotasunez jarraitu ahal izateko.
Tenis klubak 250 kide ditu. Haurren eta gazteen artean 200 lagun inguru dira. Tenis eskolan 30 taldetik gora dituzte. "Mugimendua daukagu, bai", dio zuzendariak. Gainera, inguruko herrietatik gero eta jende gehiago etortzen da Azkoitiko pistetara tenisen jokatzera. Kluba arduratzen da pisten erreserben kudeaketaz.