Pandemia tarteko, azken bi urteetan ez da azokarik egin eta aurten berreskuratu dute. Egitasmoa, Iraurgi Berritzenen Hezkuntza Guneak garatu du ikastetxeekin lankidetzan eta Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin. Proiektuari esker, ikasleek Euskal Herriko ikerlariekin eta eskualdeko eragileekin harremanetan egoteko aukera izan dute.
Goizean zehar, Azpeitiko plazan hamaika proiektu egon dira ikusgai: “Ibaien Ekologia", "Harraldeko ikerketa", "Ezkutuko Azukreen Bila!", "EkiMaker Aurkiteitor", "Bizilagun mikroskopikoak", "Zero Zabor", "Zubiak Eraiki", "Arduino Proiektuak", "Baratza Adimentsua", "Txanpuen Kimika" eta "Tuk Tuk-a". Proiektuak garatzeko, biologia, kimika edota teknologia landu dituzte. Hain zuzen, helburua da STEAM kontzeptuak bere baitan hartzen dituen diziplinak lantzea, alegia, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika. Proiektuen lanketaren harira, ikasleek konpetentzia ezberdinak garatzen dituzte.
Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetako 300 gaztetxo baino gehiagok hartu dute parte proiektuetan. Ekitaldi amaieran, diploma jaso dute udal ordezkarien eskutik.