Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagaren hitzetan, "sentsibilizazio kanpaina honetan guztiok dugun erantzukizunean jarri dugu arreta, eta konpromisoarekiko dei esplizitua egin nahi izan dugu. Argi izan behar dugu indarkeria matxistaren aurkako borroka guztioi eragiten digun gaia dela. Ezin dugu karga hori utzi emakumeengan soilik edo mugimendu feministengan. Gai transbertsala da eta kontzientzia sozial irmoa eskatzen du. Zero tolerantzia tratu txarren edozein adierazpenen aurrean".
Udalak herritarren konpromisoa bultzatu nahi du indarkeriaren biktima diren emakumeei "bakarrik ez daudela" esateko, baina ezin da ahaztu "protagonismoa eta azken hitza emakumeek dutela. Indarkeria matxistari aurre egin behar dioten emakumeen erabakiak une oro errespetatu behar dira, haiekin enpatizatu, babesa eskaini, ez epaitu, ez zabaldu zurrumurruak... Berriro biktimizatzea saihestu behar dugu!.
Aurretik ateratako informazio euskarrietan, Berdintasun arloa emakumeei zuzendu izan da, indarkeriaren biktima direnei edo arriskuan daudenei nola jokatu esanez. Oraingoan, ordea, mezuaren hartzaileak zabaldu egin dira eta edukia herritar guztientzat da. Besteak beste, liburuxkan jasotzen da nola identifikatu indarkeria egoera bat eta izan ditzazkeen aurpegi anitzak, edota zer egin eraso matxista baten lekuko izanez gero, edo hurbileko norbait indarkeria jasaten ari dela susmatuz gero.
"Indarkeria matxista arazo sozial larria da, ez da kontu pribatua", gaineratu du Berdintasun arduradunak. Gogorarazi du, halaber, ez dela derrigorrezkoa salaketa ipintzea Gizarte Zerbitzuen laguntza jasotzeko.
Indarkeria matxistak min fisikoa, psikologikoa edo sexuala eragin dezake, edo guztiak batera.