Euskara zinegotziak Badihardugu euskara elkarteko Aintzane Agirrebeña izan du bidelagun, berak landu baitu hiztegiaren edukia. Arregik eskolara bisita aprobetxatu du euskararen garrantzia jorratzeko, "egunerokotasunean euskaraz bizi diren adineko pertsonentzat, euskara gertutasun eta konfiantza kontua delako", eta haien "beharrak ulertzeko keinu edo ahaleginak balio handia duelako". "Hiztegi honekin hasiera eman diogu, baina gure asmoa aurrerapausoak ematea da, eta atzerritarrei baliabide berriak eskaintzea, euskarara gertura daitezen ahalik eta modu errazenean. Uste dut, tresna erabilgarria eta baliagarria dela oso, zaintzaileen eta adinekoen arteko hartu-emanak hobetzeko. Eta ez hori bakarrik, erdaldunak euskarara gerturatzeko ere balio du, duten lanbidea aparte utzita".
Poltsikoko hiztegia da, eta azkoitiarrez jasotzen ditu hitz eta esamoldeak. Bilatu nahi den hitz hura erraz bilatzeko moduan antolatu dira hitzak. Edukiaren zati handia espazioaren arabera banatu da. Alegia, zaintzaileak eta adineko pertsonak espazio jakinetan erabili ditzaketen hitzak multzokatu dira, hala nola, etxean, kalean, farmazian edo saltokietan. Halaber, hiztegiak agurtzeko moduan, oinarrizko kontzeptu batzuk, asteko egunak, zenbakiak eta orduak, koloreak edota eguraldiari lotutako esamoldeak jasotzen ditu.
Euskara sailak interesa duten pertsonen esku ipiniko du hiztegia. Eska daiteke 943 85 71 75 telefonora deituta edo euskara@azkoitia.eus helbidera idatzita. Giltzarri diren guneetan ere eskuragarri egongo da, Herritarren Arreta Bulegoan edo beste hainbat zerbitzu publikotan.