Gaur alderdi guztietako ordezkariak bildu dira plaka jartzeko eta "gerrako umeak" oroitzeko, Gerra Zibilaren biktima nagusiak izan baitziren haurrak. Oroimen plaka Ibai Ondo kaleko etxebizitza bloke baten fatxadan ipini da, justu Burruntxaliren 1995eko "Konkordiari Monumentua" eskultura ondoan.
Burruntxaliri omenaldi hau eginda, lehen eta orain, gerra eta miserietatik ihes egiteko, itsaso eta lur ezezagunetan barneratzera behartuta ikusten diren haur guztiak omendu nahi ditu Udalak.
Gernikako bonbardaketa eta gero, Habana baporea Santurtziko portuan atrakatuta zegoen Ameriketara irteteko prest, baina helmuga aldatu behar izan zuen. Itsasontzia, Sestaoko La Naval ontziolan eraikia Compañía Trasantlántica Españolarentzat , ebakuazio espedizioetarako erabili zen. 1937ko maiatzaren 21ean Southamptonera irten zen, Britainiar indar armatuen Royal Navy, Errege Itsas Armadak babestuta.Aurretik, Jose Antonio Aguirre lehendakariak agurtu zituen ontziratutako 3.861 haur. 95 andereño, 120 laguntzaile eta 15 apaiz zihoazen umeekin. Seguruenik ume haiek ume izateari utzi zioten egunean.
Itsasontzia maiatzaren 23an iritsi zen Ingalaterrara. Ez zuten sirenarik piztu, haurrek sirena soinua bonben danbatekoarekin nahastuko zutelakoan. Joxe Alberdi ez zen 70. hamarkada arte itzuli. Erresuma Batuan egin zuen bere ibilbide artistiko osoa eta Londresko San Martin's School of Art zentroan irakasle izan zen. Bueltan, Alacanteko Denia hirian jarri zen bizitzen.
Berriki, eskultorearen jaiotzaren mendeurrena tarteko, Burruntxaliren obren erakusketa egon da ikusgai Portaleburu Erakusketa Aretoan.
Gaur jarritako plakan hauxe irakur daiteke: "Joxe Alberdi Elorza, Burruntxali eskultorea oroituz, erbestearen ume askea. Bere mendeurrenean, Azkoitiko herriak".