Abaraxka Aterpetxetik Munoaundira ordu erdi inguruko ibilbide erraza dago. Norbaitek arazorik izango balu ibiltzeko, ibilgailu bat jarriko zaio.
Bisita euskaraz eta gazteleraz izango da.
Mugikorretarako aplikazio bidez ere bisita daiteke Munoaundi
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren bitartez, mugikorretarako aplikazioa atera zuen 2020an. Arkeogipuzkoa bilaketa eginda deskarga daiteke eta aplikazioaren bidez, besteak beste, Munoaundi Burdin Aroko herrixka bisita daiteke. Baita Mendikuteko Erdi Aroko gotorlekua eta Aralarko Arritzagako meategi zaharrak ere.
Munoaundi zazpi hektarea inguruko azalera duen herrixka gotortua da. Muino nagusi baten tontorrean dago, ia 400 metroko altueran, eta Iraurgi haranaren ikuspegi zabalak ditu. Duela 2.400 urte, Bigarren Burdin Aroan zehar, jendea bizi izan zen bertan. Aplikazioak ibilbidea hasten den punturaino eramaten gaitu aurrena, eta, handik aztarnategia dagoen muinora. Bost kokaleku aurkezten dira, eta, baliabide desberdinen bidez, herrixkako lekurik esanguratsuenak erakusten dizkigu aplikazioak: harresia, etxebizitzak, bizimodua...