Herriko festak ospatu gabe bi urte eman ondoren, Udalak uste du une aproposa dela pandemia garaian modu batera edo bestera lagundu duten gizon-emakumeei aitortza egiteko, eta baita, hil diren herritarrak eta heriotzak dakarren sufrimendua gogora ekartzeko ere. Lagundu dutenekin batera, hil diren herritarren oroitzapenarekin emango zaie festei hasiera.
Pandemian gehien sufritu dutenak adineko pertsonak izan dira. Horregatik, pertsona helduen kolektiboaren ordezkari gisa, suziriari su Javier Azpitarte Usinek emango dio, bera baita Azkoitian adinik handiena duen pertsona. 102 urte beteko ditu aurten. Horregatik, Udalak berari eman nahi izan dio txupinazoa botatzeko aukera eta ohorea. Bera arduratuko da udaletxeko balkoira igo eta festei hasiera emateaz esker on eta oroitzapen adierazpen gisa.