Aste honetan zehar, Prebentzio eta Berdintasun arloaren ekimenez, bilerak egin dira sail ezberdinekin, eta gaur justu, udal ordezkariak, Javier Zubizarreta alkatea buru dela, eta Udaltzaingoa, tabernariekin eta txosnetako arduradunekin bildu dira "tamalez toki askotan bezala, zenbait jazoera gertatzeko arriskuaren aurrean, nola jokatu behar den jakiteko".
Bileran hainbat gai jorratu dira. Besteak beste, erasotua izan den emakumeari zer nolako arreta eskaini. Ideia orokorrak azaldu dira. "Garrantzitsuena da ez epaitzea eta bere hitza zalantzan ez jartzea. Ez da bakarrik utzi behar, eta hala nahiko balu, salaketa jartzera lagundu edota osasun zentrora". Laguntza eta arreta telefono zenbakiak eskura izatea ondo dago".
Eraso matxista bat gertatuko balitz, Udalak Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko gomendatzen du. Lehen une horretan, Udaltzaingoa arduratuko da osasun zentrora joateko garraioa jartzeaz eta laguntza emateaz. "Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko eskatzen dugu, inork ez dezan horrelako egoera batean autoa hartu beharrik izan, alkoholaren edo bestelako drogen kontsumoa ezin delako baztertu".
Halaber, ziztada baten susmoaren aurrean, "emakumearen kontrako beste indarkeria mota bat", lagunei ohartaraztea gomendatzen da eta osasun zentrora joatea, 112 telefonora, Udaltzaingora edo Ertzaintzara deitzeaz gain.
SexuBizi espazioa eta drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko guneak
Abuztuaren 14an, 16an eta 18an, 23:00etatik 02:00etara, genero erasoen aurkako babes gunea egongo da Parrokia aurrean. SexuBizi zerbitzua eskainiko da. Informazio, aholkularitza eta babes gunea da. Festetan harreman eta sexualitate osasuntsua sustatzea du helburu eta prebentzioa lantzea.
Toki, egun eta ordutegi bereetan, drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko eta murrizteko gunea ere egongo da.
Ondo pasa, pasatu gabe!
Festetan ez du denak balio. Horregatik, Udalak "Ondo pasa, pasatu gabe!" leloa berreskuratu du, "kaleak eta jaiak denonak direlako", arduraz jokatzeko eskatuz.
Herritarrak kontzientziatzeko xedez, Udalak txartel-zorroak banatuko ditu. Bertan, leloaz gain, laguntza eta arreta telefono zenbakiak irakur daitezke. Asmoa da, zerbait gertatuz gero, eskura eta azkar izatea arretarako telefonoak.