Ohiko txupinazoarekin lehertuko da festa, pandemia garaian lagundu duten eta laguntzen jarraitzen duten guztiak eta, Covid-19aren ondorioz hil diren herritarrak oroituz. Javier Azpitarte Usinek piztuko du suziria pertsona nagusien ordezkari gisa.
Behin festan murgilduta, Bulego, Egan edota En Tol Sarmiento taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango da. Halaber, kaleak girotzeaz arduratuko dira, besteak beste, Rockalean, Fun&Go, Mariachi Imperial, Brincadeira edota Perkulights taldeak.
Ohiko hitzorduen artean daude Andre Maria bezperako Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea, edota hilaren 16an, udal ordezkariek herriari eskaintzen dioten aurreskua.
Dultzaineroak, Txalkor Txistulari Taldea, Udal Musika Banda edota herriko abesbatzak izango dira protagonista nagusiak.
Kale ikuskizunek, pilota partidek, herri kirol jaialdiak, zezen txiki eta poniek, Plaza Dantzek edota su artifizialek osatzen dute egitaraua.