"Momentu ederrak izan dira. Txupinazo garaian plaza gainezka zegoen eta giro ezinhobea. Gero, Bulego, Egan eta En Tol Sarmiento kontzertuetan ere jendeak izugarri gozatu zuen, eta orokorrean, ekitaldi guztiak joan dira oso ondo, besteak beste, film laburren emanaldia edota Salbea. Eguraldia ere ondo portatu da festetan, azken egunean aterkiak atera behar izan ziren arren. Euriak bazkari herrikoia Azoka Plazan eta arkupeetan egitera behartu gintuen, baina inor ez zen busti bazkaltzerakoan. Azkoitiarrek merezi bezalako festak izan dira. Pozik nago jendeak erakutsi duen jokabidearekin. Beti daude salbuespenak, baina ez da gertakari aipagarririk egon".
Halaber, alkateak herritarrei festetan izan duten parte-hartzea eskertu nahi die, eta elkarte eta pertsona boluntarioen ekarpena goraipatu du, hainbat ekitaldi antolatzerako orduan. "Herriko festak denontzat dira eta guztiok onena eman behar dugu. Kultura eta kirol elkarteek, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, Gurutze Gorriak, brigadako eta garbiketa zerbitzuko langileek, bazkari herrikoia prestatzen laguntzen duten boluntarioek, Txalkor txistulari taldeko eta Musika Bandako musikariek... asko dira laguntzen dutenak. Denei, eskerrik beroenak".
Alkatearen hitzetan, "tamalez, zenbait arriskuren aurrean, beldurra orokortu egin da, eta gainera, festetan areagotu egiten da. Zentzu horretan, ez dugu salagarria izan daitekeen ezeren berririk jaso. Edonola ere, zerbait gertatu izan balitz, prestatuta geunden modu koordinatuan eta eraginkorrean esku-hartzeko. Giro ona izan da nagusi festetan eta eskertzekoa da".