Martxan den prozesu parte-hartzaileak badu bere ukitu berritzailea. Izan ere, Herri Kontseilua zozketa bidez eratutako lantaldea izango da. Horretarako, errolda hartu da oinarri, eta 16 urtetik gorako biztanleria. Lurraldeko beste zenbait udalerritan ere praktikan jarritako metodología da. Noski, parte-hartzea borondatezkoa da. Biztanle eta aurreikusitako partaide kopuruaren arabera bidaltzen dira gonbidapen gutunak. Azkoitian 21 laguneko taldea osatu nahi da. Helburua da sexu, adin eta bizitokiaren arabera, profil ezberdineko herritarren lantaldea osatzea.
Herri Kontseilua hirutan bilduko da. Lehenengo topagunea egitasmoa aurkezteko izango da, eta beste bi lansaioak Herri Planaren zirriborroaren gaineko hausnarketa egiteko eta proposamen bat adosteko izango dira.
“Udalarentzat – azaldu du Ana Azkoitia zinegotziak- ausaz eratutako herritarren lantaldea osatzea esperientzia berria da, orain arte ez delako gurean horrelakorik egin. Lasaitasun mezua bidali nahi diet gonbidapen gutuna jaso duten guztiei eta euren ikuspegia azaldu eta ekarpena egitea soilik eskatzen zaielako. Profilak dibertsifikatzea prozesua heterogeneoa izan dadin”.
Herri Kontseiluaren bilerak izango dira irailaren 26an, aurkezpena, eta urriaren 3an eta 10ean.
Herrilab+700 parte-hartze prozesua herritarrei hitza emateko eta haien iritzia politika publikoetan txertatzeko xedez abiatu zuen Udalak.