Sonia Vazquez zinegotziak azaldu bezala, "bi helburu nagusi ditu Pasirak, eta bata zein bestea dira garrantzitsuak. Batetik, ohitura osasungarriak sustatu nahi dira, eta ohitura horien baitan, astean behineko aktibitate fisikoa edo ibilbide bat egiteko aukera eskaintzen da lagunduta", eta bestetik, sozializaziorako tresna da, jendea ezagutzeko eta harremanak sendotzeko. "Pasira topagune bihurtu da eta aurten, hainbat bisita egin ditu taldeak, udaletxera, Intsausti jauregira edota Santa Klara komentura, besteak beste".
Antolakuntzan eragile guztiek hartzen dute parte, eta taldeka asteroko egitaraua antolatzen dute. Iazko apirilean jarri ziren martxan ibilbide osasungarriak esperientzia pilotu gisa eta oso erantzun ona izan dute, besteak beste, taldeen inplikazioagatik. Pasiran, Udalarekin batera, parte hartzen dute Azkoitia Lagunkoiak, Izarraitz Lanbide Heziketak, Gurutze Gorriak, Osasun Publikoak, Osakidetzak, Mugi Azkoitiak, Kirol Orientazio Zerbitzuak, Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteak eta Caritasek. Denen mezua antzekoa izan da. Jendea probatzera animatu nahi dute.
Mugiment-eko ordezkari Malen Ruiz de Azuaren hitzetan, "garrantzitsua da estrategia baten baitan, horrelako ekintza komunitarioa garatzea, zeren norberaren motibazioaz gain, ingurunea oso inportantea da". "Pasira -azaldu du- ez da bakarrik oinez ibiltzea, beste azkoitiar batzuk ezagutzea da, hartu-emanak indartzea. Osagai asko biltzen ditu". Iritzi berekoa da Kirol Orientazio Zerbitzuko arduraduna den Maialen Alkorta.
Azkoitia Lagunkoiaren izenean, Jose Mari Floresek, eragileen batura azpimarratu du, eta "hori aprobetxatu" egin behar dela gaineratu du.
Izarraitz Lanbide Heziketako Iñigo Azkueren irudiko, berriz, Mendekotasun egoeran dauden Pertsonen Arreta zikloa egiten ari diren ikasleentzat "errealitatea bertatik bertara" ezagutzeko aukera da. Guztiz positibotzat jo du ekimena.
Pasiran parte hartzeko ez da aurrez inon izenik eman behar. Aizkibel Liburutegi aurrera agertzea nahikoa da. Ostegunero elkartzen dira 10:00etan. Edonola ere, informazio osagarria eskura daiteke Kirol Orientazio Zerbitzura deituta, 688 763 963 zenbakira.