Energia berriztagarrien sistemei dagokienez, hobaria %25ekoa izango da, eta bost urtez aplikatuko da sistema ezartzen denetik. Laguntzak ez du kostuaren %50a gaindituko eta gehienez, 1.000 eurokoa izango da hobaria.
Halaber, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergan, %95eko hobaria izango dute eguzki energia edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendurako instalazioak ipiniz gero. Hobari biak aplikatuko dira, betiere, instalazioak jartzeko lege-agindurik ez badago tartean.
Behin behinekoz onartu den proposamena EAJ eta PSE-EE alderdien baiezkoarekin atera da aurrera. EH Bildu, tasak eta zergak igotzearen alde posizionatu zen eta abstenitu egin zen atzoko bozketan. Azkoitia Bai kontra agertu zen, beste era bateko planteamendua egingo lukeelako tasa eta zergei dagokienez.
Ogasun zinegotzi Ana Azkoitiaren hitzetan, "ez da momentua herritarrak estutzeko, ziurgabetasunak eta prezioen gorakada izugarriak markatutako testuinguru honetan. Tokian tokiko eta gaian eskumena duen erakunde gisa, uste dut herritarrei laguntzea dagokigula, une honetan Udalak horretarako aukera baduelako". Javier Zubizarreta alkatearentzat, "pandemia batetik gatoz, eta ia errekuperatzeko denborarik gabe, Ukrainako gerrak kolpatu gaitu, ikusten ari garen bezala, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Gure aletxoa jartxea tokatzen zaigu".
Aldaketa bat egin da Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergan, 7/2021 Foru Dekretu Araua tarteko. Zerga-tasak aldatu egin dira, Udalak orain arte biltzen zuena biltzen jarraitu ahal izateko, arau aldaketarekin murriztuta gera zitekeelako. Zerga hau salerosketa edo ondasunen jabetza eskualdatzean ordaintzen da.
Ordenantza fiskalen behin behineko onarpenarekin emango zaio hasiera tramitazio osoari.
Elkarguneko tarifak ere mantendu egingo dira
Gainerako zerga eta tasak bezala, Elkarguneko prestazioei dagozkien tasak ere izoztuta geratuko dira, salbuespen batekin. Fisioterapia zerbitzuarena aldatuko da merkatuko prezioekin parekatzeko.
Elkarguneko tasen gaineko bozketan, alde bozkatu zuten EAJ eta PSE-EE alderdiek eta abstenitu egin ziren EH Bildu eta Azkoitia Bai.