Energiak mundua mugiarazten du eta beharrezkoa da egunerokotasuneko edozein ekintza egiteko. Energiarekin lotuta egun bizi dugun egoera ez da nolanahikoa, batez ere gizarte arloan. Gaur egun, milioika pertsona bizi dira elektrizitaterik gabe, eta munduko biztanleriaren heren batek baino gehiagok erregai kutsatzaileak erabiltzen ditu janaria prestatzeko, haien osasuna asko kaltetuz. Beste askok berriz, kutsadura sortzen duten energia iturriak erabiltzen ditugu. Eta gure Planetak ezin du gehiago!
Energiarekiko dugun menpekotasuna hain da handia, nazioen artean arazo ugari sortzen dituela. Eztabaidarako eta gatazketan kontuan izaten den baliabidea da. Gero eta gehiago entzuten dira honako gai hauek: krisialdi energetikoa, larrialdi klimatikoa, migrazio klimatikoak, pobrezia energetikoa... Argi dago ezin dugula egun dugun kontsumoa mantendu.
Zer egin dezakegu ondorio kaltegarri horiei buelta emateko? Kontsumo jasangarria, energia iturri berriztagarriak, energia subiranotasuna, deshazkundea, komunitate energetikoak... martxan jarri beharrezko ideia horiek guztiak errealitate bihurtzeko garaia iritsi da. Berandu izan baino lehen!
Herriko ikastalde desberdinak horretan ariko dira ikasturtean zehar, beraien irakasleekin batera eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak eskaintzen dien materialaz baliatuz. Herriko eta ikastetxeetako ikerketan, energia nola erabiltzen dugun aztertzen eta herri jasangarri baten alde eman beharreko urratsak eztabaidatzen.