Azokan parte hartuko duten erakundeak dira AMS, Gazteak eta Garapena, Darahli Elkartea, Lumaltik, Munduko Begiak, Asociación de Salvamento Marítimo Humanitario -SMH, Behar Bidasoa eta Azkoitiko Misio Taldeak. Igandean, 11:00etatik aurrera izango da azoka.
Janire Igoa zinegotziak publikoki aitortza eta eskertza azaldu dizkie taldeetako ordezkariei. "Eskerrik asko ematen duzuen ereduagatik. Gizarte gisa, zorretan gaude zuekin, eta azoka tarteko, espero dugu zuen lana ezagutarazten laguntzea".
Juan Inazio Sudupe. Gazteak eta Garapena
"Ez da karitate kontu bat. Justizia kontua da", dio Gazteak eta Garapena erakundeko arduradun Juan Inazio Sudupek. Salestarrei lotuta dago erakundea, eta solidaritatea eta justizia ditu helburu. Beningo haurrei laguntzeko hainbat ekintza antolatu ohi ditu taldeak, besteak beste, pintxo solidarioa eta bigarren eskuko azoka. Santa Ageda bezperan ere kopla kantari ateratzen dira dirua biltzeko. Lasterketak, txanpon bilketak, e.a. egiten dituzte. Hegoameriketan eta Erdialdeko Ameriketan ere hainbat proiektutan laguntza ematen dute, nagusiki, gazteen formazioari dagokionean. Halaber, aurten, Afrikan, Senegalen, esaterako, sekulako ahalegina egin du erakundeak, gazteei Lanbide Heziketako prestakuntza eskaintzen.
Ana Isasa. Munduko Begiak
Hogei urte daramatza Munduko Begiak erakundeak itsutasunaren aurkako borrokan. "Hemen erraz sendatzen diren patologiek lurralde txiroenetan itsutasuna eragiten dute. Munduan itsutasunaren %90 herrialde pobreenetan kontzentratzen da. Kasu askotan, antibiotikoekin, betaurrekoekin eta katarata ebakuntzarekin konpon daiteke arazoa", eta baliabide horiek eskaintzen ahalegintzen da erakundea. Maliko Mopti eskualdean ari da lanean, hango errefuxiatuen kanpamenduetan, eta arreta berezia jarriz emakumeengan eta haurrengan. Esaterako, 200 katarata ebakuntza eta 4.000 kontsulta oftalmologiko egin dituzte. Irakaskuntza arloan formazioa ere eskaini dute haurrengan itsutasun arazoak lehenbailehen antzemateko.
Taldeak emandako laguntzarekin hango ospitale batean giro egokitua jartzea ere lortu dute.
Lurdes Alberdi. Darahli elkartea
Darahli elkartea Zumaian sortu zen eta Euskal Herriaren eta Sahararen arteko zubilana egitea du xede. "47 urte daramatzate kanpamenduetan eta arazoak areagotzen ari dira. Gerran daude, pandemiak ez du batere lagundu eta ezta Europan bizi dugun krisiak ere. Guretzat gogorra izan bada, haientzat askoz gehiago. Hitzaldiak, erakusketak, material bilketak, e.a. antolatzen ditu erakundeak. Aurten Oporrak Bakean programa ere burutu ahal izan dute, eta udalekuak ere antolatzen dituzte. "Gure elkartasuna ezinbestekoa dute. Garrantzitsuena da haien errealitatea azaltzea, jendea ahazten ari delako beraiekin". Aurrekoan lagun batek esandakoa ekarri du gogora: "Beraiek etsitzen ez badute, guk ez daukagu eskubiderik etsitzeko".
Iñaki Lizaso. Behar Bidasoa
"40 urte daramatza Behar Bidasoak munduan zehar laguntzen. Gure leloa da bakoitzari dagokiona itzultzea". Kolonbiako Pereira edota Paraguaiko Villarrica herrietara bideratzen du laguntza, hango herritarren beharrak asetzen laguntzeko. Tanzaniako zenbait txokotan umezurtzei laguntzeko proiektua ere martxan dute 2006tik. "Tokiko erakundeekin elkarlanean, 477 haur babesten ditugu". Hainbat lan programa ditu taldeak. Ruandako espetxeetara bideratutako laguntza programa, gazteek Lanbide Heziketako ikasketak egiteko edo unibertsitatera joan ahal izateko bekak, ura bermatzeko egitasmoak, etxetxoak... Laguntza bideratzen duten herrialdeen zerrenda luzea da benetan.
Isabel Medina. Mundu Solidarioa Helburu
Nikaraguako Diriamba herrira bideratzen du laguntza Mundu Solidarioa Helburu erakundeak. "Guk ere ahal dugu" proiektua garatzen du, aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzeko. Autonomia eta ongizate fisiko eta emozionala lantzen dituzte, aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusiorako eta bizi-kalitatea hobetzeko baliabideak eskainiz. Goyeneche Fundazioarekin elkarlanean aritzen dira. Igandean Diriamban eta Goyeneche Fundazioaren Arrasateko egoitzan landutako produktuak izango dituzte salgai.
Tere Aranbarri. Azkoitiko Misio Taldea
Maliko Sans herriguneko ikastetxe batera bideratzen dute laguntza. 700 ikasle ditu zentroak. "Azken urteetan materiala bidali dugu, janaria, arropa, eskolako materiala, bizikletak... Dirua biltzeko udan tonbola ipintzen du taldeak. Abenduan, berriz, Bidezko Merkataritzako azoka jarriko du Portaleburu Erakusketa Aretoan.