Plan estrategikoak 2027ra arteko bide orria jasotzen du. Sei helburu nagusi definitu dira, eta 19 lan-lerro zehaztu, Iraurgi Berritzenen zuzendari Begoña Beobidek azaldu duenez. Lan-lerro horiei 60 ekintza ezarri zaizkie. Javier Zubizarretak egindako lanketaren garrantzia azpimarratu du.“Garrantzitsua da horrelako hausnarketa partekatua egitea, gizarte gisa prest egotea, pentsatzen ez ditugun gertakariak ere iritsiko direlako datozen urteetan. Orain daukagun erronka da bakoitzaren interesak eta nahiak, amankomun bihurtzea. Denon artean, helburuak lortzeko aukera gehiago dugu”.
Plan estrategikoa lanketa kolektiboaren emaitza da. 117 norbanakok eta 76 eragilek hartu dute parte. Lan fase ezberdinak garatu dira azken hilabeteetan. Bilera sektorialak egin dira, adituekin elkarrizketak, eta hausnarketa kolektiboak.
Markatutako helburuak ondorengoak dira:
• Eskualde egitura-izaera landu eta eragileen arteko lankidetza indartu.
• Azpiegituren sistema indartu.
• Jarduera ekonomikoa babestu, sortu eta eraberritu.
• Eskualdeko Hezkuntza-prestakuntza sistema indartu.
• Trantsizio ekologikoa bultzatu.
• Enplegu duin eta kalitatezkoaren oinarriak sendotzen jarraitu.
Begoña Beobidek hainbat gaitan jarri du fokua. Besteak beste, bailaran garraio publikoak hobetzearen beharra, Turismo Gunea sortu eta turismo eskaintza indartzearena, tokiko ekonomiari eusteko errelebo faltari soluziobidea jartzearen beharra, ekintzailetza kultura sustatzearena, tokiko ekoizpena eta kontsumoa indartzearena, unibertsitateekin elkarlana, trantsizio ekologikoa, edota energia efizientzia eta energia berriztagarrien beharra.
Euskadi, Gipuzkoa eta Urola Erdiko bailara gisa ditugun erronkak latzak dira, baina lotura estua dute denek. “Erronkak ez dira isolatuak, lotura zuzena dute elkarrekin”. Trantsizio ekologikoa, zaintza, migrazioa edota enplegua ikuspegi sistematiko batetik heldu beharreko gaiak dira. Horrela azaldu du Orkestrako zuzendari nagusia den Mari Jose Arangurenek. Plan estrategikoaren aurkezpenean hartu du parte Arangurenek, Miren Larrea ikertzailearekin batera. Euskadik 2040 urtera begira eraiki nahi duen etorkizunaren inguruko lanketaren zertzeladak eman ditu Arangurenek, eta Larreak lankidetzazko Gobernantza izan du hizpide Gipuzkoa oinarri hartuta.