Iraurgi Berritzen, Dendartean, Herrixen eta Urkomeren laguntzarekin, Udalak 1.703.688,55 euroko proiektu proposamena aurkeztu zuen dirulaguntza eskaera egiteko. Aurreikusten diren jarduera nagusien artean, honako hauek daude: Azoka Plazaren biziberritzea, bertako eta bertara iristeko irisgarritasunaren hobekuntza (Floreagako bigarren igogailua barne), ekipamenduen eta guneen egokitzapena, bilketa-puntu adimendunak ipintzea, produktu-banaketaren optimizazioa, sektorearen digitalizazioa, edota salmenta-prozesuaren hobekuntza teknologia berriak txertatuz.
Duela urte batzuetatik tokiko merkataritza egiturazko krisia ari da jasaten, eta egoerari aurre egiteko, ezinebestekoa da sustatzea, besteak beste, banaketa-kanalen lehiakortasuna, berrikuntza, modernizazioa eta digitalizazioa. Horrekin batera, erronkak dira Azkoitiko saltokietan eta merkatuan kontsumitzaileen kopurua handitzea, eta merkataritza-eskaintzarekiko eta tokiko produktuarekiko sentsibilizazioa eta hurbilketa areagotzea.
“Merkataritza digitalak eta merkataritza-gune eta frankizien lehiak nabarmen aldatu dituzte kontsumitzaileen erosteko ohiturak. Gainera, testuingurua etengabe eraldatzen ari da, besteak beste, lehiakortasunaren, teknologien, globalizazioaren, pertsonen eta salgaien mugikortasun berrien eraginez” .
Horregatik, "aukerak aprobetxatzen eta etekina ateratzen jakin behar dugu", gehitu du Ana Azkoitiak.
Emandako laguntza Next Generation funtsetatik dator. Funts hori Europako Kontseiluak adostu zuen, Covid krisiaren osteko larrialdi-neurri gisa, babes ekonomikoa emateko Europar Batasuneko herrialdeei.
Argazkian Ana Azkoitia Merkataritza zinegotzia, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Moreno, Herrixeneko Sara Rodriguez, Iraurgi Berritzeneko Alazne Larrañaga eta Dendarteaneko Xabier Aldalur.